garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Energiaren apetak

2021eko urriaren 20a
00:00
Entzun
Argindarra urrearen pare ordaindu beharra ez litzateke beharbada horren mingarri izango, bezeroarengana heltzen den fakturarainoko prozesua gardenagoa balitz, nornahik ulertzeko moduan azalduko balute, planeta zaintzeko plan zorrotz baten barruan balego eta, ororen gainetik, elektrikako kapitalisten irabaziak lotsagabeki handitzeko helburua besterik izango ez balu.

Haiek patrika beti bero behar, ondotxo dakigunez, eta eskandalu betean, aberasbide horri muga ezarri beharko ote litzaiokeen iradokitze hutsak alerta gorrian jarri zituen. Astirik galdu gabe, prentsa-aurrean serio demonio agertu, eta horda eroaren jomugan dagoen biktima errugabearena egiteraino tentetu ziren elektrikako kapitalistak, horiek bai koitaduak, eta, haien ezinegona garbi gera zedin, aitzakia merkeetan edo txantxetan ari ez zirela jabetu gintezen, erdiko hatza erakutsi zioten populazioari, eta mehatxu biribila bota Espainiako Gobernuari: ukitu gure irabaziak eta zentral nuklearrak itxiko ditugu.

Umemokoaren kasketa eszenifikatua zirudiena jokoan 31 eduki eta eskutik izatea bezain erabakigarria izan zela ezin uka—besteak beste, mehatxua beteko balute sekulako dirutzak, direnak eta ez direnak, desbideratu beharko lituzkeelako gobernuak arin baino arinago, aipatu zentralak, jada zaharrak eta efizientzia eskasekoak, desartikulatzeko, eraisteko, adreilu eta harri bakoitzari kutsadura garbitzeko, lurperatzeko eta azkenik, hutsik utzitako eremu mortu lugorria, erradioaktibitatea apaltzeko milaka urte beharko dituena, sine die zaintzeko—.

Tokitan gelditu dira, hortaz, Fukushimako deskalabruaren osteko errukiak, gogoetak, damuak, zalantzak, metodo naturalagoetara aldatzeko asmoak. Nuklearrik? Ez, eskerrik asko lelo ezagun hura berriz hauspotzen hastetik, hondakin erradioaktiboen kuxidade monumentala ezkutatu eta nuklearra energia-iturri «garbi» eta «egonkorra» dela uste izatera edota klima aldaketaren aurkako borrokan mesedegarri jotzera mudatu da askoren pertzepzioa, bereziki gazteena, epe motz honetan.

Frantziak ez dio inoiz fedea galdu lobby nuklearrari, ezta unerik zailenetan ere (Eiffel dorrea bezain maitea eta berea baitu), eta egunotan inoiz baino gehiago, bere maitasun baldintzarik gabea erakutsi dio macronismoaren ahotik, esanez, 2030erako, 30.000 milioi euroko inbertsioaren truke, artean asmatu ez diren mini zentral nuklearrez josi nahi dela hexagonoa. Nahi dira, efektuz esanda, erreaktore eraberritzaileak, martxan diren tramankulu kolosalak baino hagitzezefizienteagoak, ahaltsuagoak, merkeagoak, are eta ziurragoak eta batez ere modularrak, malguak, balio anitzekoak, tokian tokiko ezaugarrietara erraz egokituko direnak. Nahi da, finean, Ikeak altzarigintzan eta etxe-dekorazioan egin duena nuklearraren esparrura eraman, Frantziak teknologia horren rankingean duen plaza gal ez dezan, edo Txinak aurrea har ez diezaion, eta, beste hark zioen gisan, «ongi etorri nire etxeko errepublika nuklear independentera» aho betean errepikatzeaz batera.

Iragarpen ozen eta arranditsu guztietan gertatzen den gisan, isilpean gordetzen denak txunditzen nau esaten denak baino gehiago. Listokraziak halako asmazio miragarria plantan emateko zortzi urte eskas aski izango baditu —alegia, ingeniariren baten buruan egon litekeen baina oraindik ezagutzen ez den teknologia asmatu, probatu, doitu, sistema modularrak egoera eta baldintza guztietara egokitzeko pentsatu, ziurtatu, fabrikatzeko katea sortu, eraiki, udalak engaiatu eta abar egin balitezke 2030 urtea baino lehen—, nolatan daramagu mende erdi energia berriztagarriak funtzional bihurtu ezinik?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.