Hasi dira lanean Ikusmira Berriak programako aurtengo sei zinemagileak

Barragan, Claret, Colell, Gorostidi, Miranda eta Schonfeld Donostian ari dira beren proiektuak garatzen; tutoreen laguntza ere izango dute

Ikusmira Berriak programarekin Donostiako Tabakaleran lanean ari diren sei zinemagileak, atzo. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Erredakzioa
2022ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Ana Cristina Barraganen, Jaume Clareten, Meritxell Colellen, Irati Gorostidiren, Joao Paulo Mirandaren eta Maximiliano Schonfelden proiektuak aukeratu zituzteniaz VIII. Ikusmira Berriak programarako, eta sei zinemagile horiek hasiak dira lanean, Donostiako Tabakalerako Artisten Gunean. Bakoitzak adituen batzordeko hiru kideetako bat izango du lagun —Olimpia Pont, Javier Martin eta Sergio Oksman—; sortzaileen lanak bertatik bertara aztertzeaz eta aholkua emateaz arduratuko dira. Gainera, berrikuntza gisa, egoiliar bakoitzak tutore bat izango du aurten, proiektuaren jarraipen pertsonalizatua egingo duena, online saioen bidez.

Colellek Elena Lopez Rieraren laguntza izango du bere hirugarren film luzea garatzeko, Lejos de los árboles / Far from Trees. Jean-Gabriel Periotek, berriz, Gorostidi aholkatuko du Anekumen bere lehen film luzea egiteko. Jose Luis Torres Leiva izango du bidelagun Barraganek, La hiedra lana ontzeko, eta Lucile Hadzihalilovic, berriz, Schonfeldek Frankenstein filmerako. Mirandak, Bandeira lan luzea sortzeko, Paolo Morettiren laguntza izango du, eta Claretek, Fernanda del Nidorena, Estrany riu / Strange River ontzeko.

Apirilaren 24ra arte ariko dira lanean Donostian. Gainera, apirilaren 9an, Tabakalerako zinema aretoan, Zinemaldia + Plus saio batean, beren aurreko lan batzuk aurkeztuko dituzte.

Donostiako Zinemaldiak, Tabakalerak eta Elias Kerejeta zinema eskolak elkarrekin antolatzen dute ikus-entzunezko proiektuak garatzen laguntzeko programa hori, eta urtetik urtera indartuz doala nabarmendu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.