'Ane' eta 'Akelarre' filmak, Goya sariren bat lortzeko euskal hautagaien artean

Gaur banatuko ditu Espainiako Zinema Akademiak bere garaikurrak, eta hainbat euskal ekoizpen daude kategoria ezberdinetan izendatuta

Pablo Agueroren Akelarre filmak du sarietarako izendapen gehien, bederatzi guztira. Irudian, fotograma bat. BERRIA.
Erredakzioa
2021eko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Espainiako Zinema Akademiak gaur banatuko ditu aurtengo Goya sariak, eta hainbat euskal film, zuzendari nahiz aktore daude garaikurren bat irabazteko hautagaien artean. Besteak beste, Pablo Aguero zinemagile argentinarrak zuzendutako Akelarre filmak du izendapen gehien; bederatzi, orotara. Filmik onenaren saria lortzeko aukera du, halaber, Ane-k, David Perez Sañudoren lehen lan luzeak. Malagan (Espainia) egingo dute sariak banatzeko ekitaldia, gaur iluntzean, eta, ezinbestean,, pandemiari aurre egiteko neurrietara egokitutako saioa izango da.

Aguerok iaz aurkeztu zuen sorgin ehizari buruzko filma, Donostiako Zinemaldian, Sail Ofizialeko lehian. Amaia Aberasturik rol protagonistetako bat jokatzen du, eta, hain zuzen, horri esker lortu du emakumezko aktorerik onenaren kategoriako izendapena. Horrekin batera, argazki zuzendaritzaren, zuzendaritza artistikoaren, produkzio zuzendaritzaren, jantzien, makillaje eta ile apaintzearen, efektu berezien, soinuaren eta jatorrizko musikaren ataletako sariak lortzeko hautagaietako bat ere bada Akelarre.

1609. urtean, euskal kostaldeko herri batean dago girotua Akelarre-k kontatzen duen istorioa. Neska gazte batzuk eguneroko lanak egiten dabiltza; ezustean, soldaduak inkisizioaren epaile batekin agertuko dira, eta, sorginkeria egotzita, atxilo eramango dituzte neskak. Euskal Herrian grabatu zuen Aguerok filma, eta euskaraz eta gazteleraz mintzo dira pertsonaiak. Hiru euskal ekoiztetxeren eta Argentinako, Bretainiako eta Parisko beste batzuen arteko koprodukzioaren emaitza da.

Ane euskarazko filma, berriz, bost kategoriatan dago izendatuta, besteak beste, pelikularik onenarenean. Horrez gain, zuzendari berririk onenaren —Perez Sañudo—, andrazko aktore protagonistarik onenaren —Patricia Lopez Arnaiz—, andrazko aktore berririk onenaren —Jone Laspiur— eta gido egokiturik onenaren —Perez Sañudo eta Marina Pares— sarietarako ere hautagai da. Desagertutako alaba baten bilaketa du ardatz filmak, eta iazko Zinemaldian estreinatu zen, Zuzendari Berriak sailean, eta Euskal Zinemaren Irizar saria irabazi zuen.

Badira euskal sortzaile gehiago ere izendatuen zerrendan. Juanma Bajo Ulloa zuzendaritzarik onenaren sarirako hautagai da Baby filmagatik, eta horren jatorrizko musikagatik izendatuta daude Koldo Uriarte eta Bingen Mendizabal ere. Eta litekeena da Ana Sernaren eta Paula Iglesiasen Solo son peces lanak irabaztea dokumental laburrik onenaren saria, eta Alberto Vazquezen Homeless Home filmak, berriz, animaziozko lan laburrik onenarena.

«Maila altua agerian»

Zineuskadiren iritziz, «euskal zinemagintzaren maila handia agerian» utzi dute Goya sarietarako izendapenek. Halaber, elkarteak nabarmendu du Espainiako Zinema Akademiak bereziki goraipatu duela sektoreko teknikarien eta zuzendari nahiz aktore gazteen talentua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.