UDAKO SERIEA. Euskal Herriko enklabe eta esklabeak (III). Jeztaze.

Txapel beraren pean bi buru

Jeztaze Zuberoaren parte da, baina Okzitaniako lurrek inguratzen dute. Mintzo den euskara gutxia Amikuzekoa da. Euskara eta okzitaniera frantsesak estaltzen ditu. «Pasabide herri» gisa dute.

Uhaitza zeharkatzeko Jeztazeko zubia herriaren berezitasunaren ikurra da. M. LAGARONNE.
Ainize Madariaga
2019ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Zerk egiten du Jeztaze (Zuberoa) euskaldun, okzitaniar eta berezi? Eta nola bizitzen da han? Mapak salatzen ditu erantzunak, hein batean: Jeztaze bere esklabearen esklabo da, horrek baldintzatzen baitio bizimodua. Alegia, 73 biztanleak euskal irla batean bizi dira, Biarnoko lurrez inguraturik, Zuberoako herrixkak auzo herri oro biarnesak baititu: Azpilda, Tabaila-Uzkaine, Montfort, Arribalda eta Nabarzi. Leku berak bi ikuspegi ditu: inguratzailearen begietatik edo inguratua denarenetatik. Berezko kultura, hala-hala, bikoitza du: euskalduna eta okzitaniarra, nahiz eta gaurko egunean frantsesak dituen bi-biak berdin zangopilatzen. «Hau Euskal Herria dela? Biarno? Beti diot hau unibertsaltasunaren lurra dela! Xarnegu eremu betean gaude, eta, lurraldetasunak baino gehiago, irekierak gaitu iraunaraziko. Bi kulturen erabateko kontzientzia dugu, baina ez dugu nahi dogmatismorik, ez eta ere gatazkarik», azpimarratu du Maryvonne Lagaronne auzapezak. Harentzat «pasabide herria» izan da betidanik, «bidegurutze» bat, zeina biziki hertsiki lotua baita Maule, Salbaterra Biarno, Donapaleu eta Nabarrengoseri. «Herri hau berezi egiten du daukan harrera gaitasunak; beti jakin izan dugu besteak onartzen, izpiritu kolektibo eta errepublikanoz», gehitu du.

Frantziako Errepublikak, hala ere, lanak izan bide zituen Jeztaze iraultzeko, 1793ko Zintzarrots-ek agerian utzi zuten bezala: inposatua zen askatasunaren zuhaitza landatzeari uko egin baitzion orduko Etxebarne auzapezak; hala, hogei bat herritarrek hartu, eta asto gainean istapeka gibelerat begira promenatu omen zuten Jeztazen barrena.

Irlaren elearen isla

Zubiak badu zer erranik: zubi lanak egiten baditu ere, jatorrian berak zuen Jeztaze lur arte egin: Biarnoko lurrez inguratutako barrendegia. Izan ere, haren eraikuntzak zuen Jeztaze esklabe egin: Uhaitz ibaiak zubi zaharra desegin zuelarik, zubia berreraikitzearen truk, bere oihan puska bat Narbarzi auzo herriari saldu behar izan zion. Alta, horrek adarra enborretik bereizi zuen: ez baitzuen oihan horrek baizik Jeztaze Euskal Herriari lotzen; «Zuberoa eta Biarnoren arteko pasabidea gara, nahiz eta beti Zuberoari lotuak izan garen. Segur dena da Uhaitzaren ibarra garela!», laburbildu du Lagaronnek.

Haren mapa administratiboak zinezko patchwork obra baterako balio lezake: Zuberoaren parte da, baina Euskal Herri Elkargotik kanpo utzi dute, Oloroe-Donamariako barrutian da, bai eta ere Biarno bihotzeko kantonamenduan, eta Uhaitzako Biarnoko herri elkargoan.

Jeztazeren zerbitzu hornidurak ibai batek bezain bertzeko adarrak ditu, zeina bakoitza bere bidetik baitoa: «Lehen mailan Arribaldara goaz eskolara, hori bikain. Gero, aldiz, kolegiora, legez, Salbaterrakora joatea dagokigu, baina denok Nabarrengosera goaz, logikoena delako. Eta lizeora ere ber gauza: denok Sohütara goaz, etxetik hamar minutura, legeak Oloroekora joatea manatzen badigu ere. Horrela gabiltza denok: baimen bereziak eskatu beharrean! Gu beti bide erdi!», azaldu du Marie Lagaronne jeztaztar gazteak.

Hari beretik, suhiltzaileak Salbaterratik heldu zaizkie, jendarmeak Donapaleutik, postetxea Nabarrengosekoa dagokie... «Hiru kartierretatik, alo!», erran du irriz Saint Jean Partarrieuk, 77 urteko bizilagun euskaldunak.

Jeztaze oraindik euskaraz mintzo zen Erdi Aroan, Erlantz Urtasunek Euskara eta Historia liburuko artikuluan azpimarratu zuenez. Funtsean, Biarnoko Uhaitzibar Behereko herri guziak bezala: Arriba, Arribareita, Arribalda, Azpilda, Hagoeta, Lixoze, Nabarzi, Ozaraine, Taballa eta Uzkaine, zeintzuetan etxe izen anitz euskaradunak baitira. Bai eta ere XIX. mendean, Philippe Oihanburuk L'irréductible phénomène basque liburuan etzan zuenez. Haren arabera, Bidaxune inguruko herriek ez zuten euskara azken bi mendeetan baizik galdu: 1806. urtean euskaraz egiten baitzen Jeztaze, Ezkoze, Lixoze eta Nabarzin... Burgue eta Hiriberri XIX.ean bihurtu ziren Biarnoren parte, eta Ozaraine, XX. hasieran.

«Dirudienez, 1134 aldera, Biarnoko bizkondeak zuberotarrak gainditu zituen. Uhaitzibar Behereko hainbat herri (Arriba, Azpilda, Lixoze, Uzkaine, Taballa, Xarra) hartu zizkien, baina Zuberoak Ozaraine-Erribareita gorde zuen, bai eta Oloroeko Uhaitzaren aldera dagoen Jeztaze ere. Bi herri horiek Zuberoa eskualdea handiagoa zeneko garaiaren aztarnak dira. «Bertan euskara azken bi mendeetan galduko zen, biarnes mintzoaren mesedetan», xehatu du Philippe Etxegorri Biarnoko euskaldunak, historiaren eta hizkuntzen bidegurutzean liburuaren egileak.

Hari beretik, erantsi du Aranzadi zientzia elkarteak 1990ean argitaratu zuen Euskalerriko Atlas Etnolinguistikoa lanean Biarnoko Landa herriko Sarraltzune auzoa eremu euskaldunean kokatu zuela, gezi batez Montorirekin lotuz. Eta bertako euskaldunak kontaktuzkoak zirela, Santa Grazitik 1960 aldera etorritako emakumezko batzuk, alegia. «Ez dakit zertan den kontua gaur egun», erran du.

«Bospasei etxe gara euskaldunak oraino, baina bazterretik jinikoak dira: Behauze, Gamue (Nafarroa Beherea), Sohüta eta Sarrikotapetik (Zuberoa). Ni ere sortzez Domintxinekoa (Zuberoa) naiz. Ez du balio ene kontra biarnesez aritzea! Ikasi egin bainuen lanera jitean. Orain, alta, izugarri guti elekatzen dugu, bai euskaraz eta bai biarnesez», argitu du Partarrieuk.

Luis Luziano Bonaparte printzeak Jeztazeko euskara Amikuzeko aldaeran sailkatu zuen bere garaian, 1869ko mapa hartan. «Zaharrek dute sufritu, frantses unibertso batean murgildu baitzituzten. Baina, gu, horrela hezi gaituzte: 'ikas frantsesez, horrek baitzaitu salbatuko'. Gaur egun sei haur daude herrian, eta unibertsaltasunean heziak dira, lau hizkuntzek inguratzen baitituzte: frantsesak, ingelesak, euskarak eta biarnesak», erran du Lagaronnek. Hori du amesten auzapezak: herrian okzitanieraz eta euskaraz kantatuko duen abesbatza bat sortzea.

Jeztazeko bardoa

Oraindik ere entzuten da Jeztazeko semearen boza: Jean-Baptiste Gaztelu-Etxegorrirena, Yan dou Sabalot, ezizenez. «Gure Etxahun-Iruri bezalako poeta handia izan zen», azaldu du Jean-Mixel Bedaxagar kantariak. Antzerkia, olerkia, eleberria, pastorala eta ipuin errimatuak idatzi zituen. Kasik gehienak okzitanieraz. Salbaterran karrika baten izena hartu du, han bizi izan baitzen, eta haren omenez monumentua ere altxatu dute, haren lanaren garrantziaren ikur. Han, okzitanierazko bere bertsoak zizelkatu dizkiote: «Uros eginen ninduke gure haurrak biarnesez lehengo maneran kantatzen entzuteak». «Gure aita arras lotua zen Jeztazeri», azpimarratu du Marcel Gazteluk. Lehen Mundu Gerlara abiatu behar izan zuelarik, emaztea izanen zenari gutunak idatzi zizkion, denak bere hizkuntzan. Verdungo guduan parte hartu zuen, eta, hortik landa, hegazkin pilotu izatea galdegin zuen, bai eta titulua lortu ere.

«Salbaterran ikasle zelarik, debekatua bazen ere, Saure izeneko irakasleak okzitanieraren gramatika erakutsi zion, bai eta ere Biarnoko historia; hori zinez bakana zen. Eta berak zion idaztera akuilatu», gehitu du.

Okzitanieraren batuaren faltaz, Yan dou Sabalotek bere desadostasuna erakutsi zuen, ez baitzuen bat egiten orduko grafiarekin; «hizkuntza baten mintzoak du lehentasuna, idatzia garrantzitsua bada ere», zioen.

Bihar: Euskal Herriko enklabe eta esklabeak (IV): Urduña.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.