Eta funk musika piztu zen

Iruñerriko Baizera taldeak bigarren diskoa argitaratu du, estiloa aldatuta: 'Funka sartu'

Baizera taldea, bere lehenbiziko biraren kontzertu batean. BEÑAT GOIA.
Yasmine Khris.
Iruñea
2022ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Uste zuten pandemiak hegoak moztuko zizkiela, baina indartsuago itzuli dira. Inoiz baino funky-ago. Zalantzak ageri izan arren, Baizera taldeak bere bigarren lana argitaratu du joan den astean: Funka sartu. Berriozarko Musiikki estudioan (Nafarroa) grabatu zuten diskoa, eta hilaren 18tik musika atari guztietan dago entzungai.

Iruñerriko musika taldea 2019an azaldu zen lehenbiziko aldiz oholtzan, Azkenik lehena diskoa aurkeztera. Garai hartan, ska eta reggae estiloek markatzen zuten lagun kuadrilla horren erritmoa.

Zazpi musikarik osatzen zuten taldea: Mikel Fagoaga bateria jotzailea, Jesus Sola eta Odei Berrade gitarristak, Aitor Herbon baxu jolea, Arkaitz Artutx abeslaria, eta Josu Garate eta Iker Fernandez tronpetistak. Egun, Xabier Gonzalez (tronboia), Peio Martinez (teklatua eta saxofoia) eta Oihan Arizala (ahotsa) batu dira. Harrezkero, aldaketa batzuk izan dira taldearen garapenean, musikalki eta pertsonalki.

Hasiera esperantzagarria izan zen, baina, jaio eta urtebetera, osasun egoerak gelditu egin zuen taldea, neurri batean. «Pandemiak harrapatu gintuen lehen bira egiteko orduan. Bertzerik ezin genuen egin, eta inflexio puntu batera ailegatu ginen denak, aurrera segitzeko edo ez», aitortu du Fagoagak. Hala ere, taldekideak bat datoz berrogeialdiak eragina izan duela sorkuntza prozesuan.

Abiapuntu berriak

Funka sartu izenean, bigarren diskoak aurreko dinamikarekin apurtzen du. Bederatzi kantu «kritiko eta dibertigarrirekin» osaturiko lan berriak bertze estilo batekin murgiltzen du entzulea «freskotasunean».

Itsulapikoa.eus plataforma bidez, diru bilketa bat egin dute: 6.000 euro baino gehiago ekarri dute entzuleek, eta, horren bidez, proiektua finantzatu ahal izan du Baizera taldeak. Bi bideoklip grabatu dituzte dagoeneko Iruñeko We Feelm ikus-entzunezko produktorearen eskutik: Argien bila eta Kutreen festa-renak. Diseinua, berriz, Iñaki Tristanek landu du.

Abestien hitzek taldekideen bizipen pertsonaletan eta gizarte inguruetan dituzte sustraiak. «Denetarik dugu entzungai disko honetan; arazo batzuk salatzeko asmoa genuen, baina bromarabideratuz».

Kantuak sortzeko orduan, besta zen hitz gakoa taldearentzat. Ordea, modu diferente bat hautatu dute: «Euskal Herrian asko landu izan dira bestelako estiloak, eta ohartu ginen behar zela leku bat irabazi».

Taldeak ez du aurretik egindakoa ukatu nahi, baizik eta bide berri bat ireki, bertze espazio bat. «Funka egiten saiatu gara, baina txosnetan entzun daitekeena, funkaren alderdi dantzagarriena».

Atzera begiratzerakoan, lehenagoko lagun musika talde batetik dator Baizera, Iruñerrian ska-punka jotzen zuena. Urteekin, ordea, estilo gehiegi esplotatuak iruditzen zitzaizkien, eta funkera jotzea erabaki zuten. Aldakuntza heldu zen.

Bertzalde, aldaketarik handiena hizkuntzari lotutakoa izan da. Abeslari berriarekin euskara txertatu da guztiz lan berrian. Azkenik lehenak diskoa bi hizkuntzatan idatzia zen; aitzitik, Funka sartu euskara hutsezko kantuekin osatu dute. «Guztion erabakia izan zen, estilo berria gurera hurbiltzeko ere bai», erran du Fagoagak.

Gaur aurkeztuko dute lan berria zuzenean, Iruñeko Indara aretoan, 20:00etan, Afu taldearekin. «Nola aurkeztu agertokian baino hobeki? Diskoa oso zaindua eta landua da; guretzat, gai garela esateko erakustaldi bat da».

Bira berria hasteko «desiotan bezain urduri» daude taldekideak, Fagoagaren hitzetan. Dena dela, argi dute udaberriak emanen diela dantzatzeko aukerarik onena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.