ATZEKOZ AURRERA. Amaia Elias. Marie Kondo euskalduna

«Sekulako indarra ematen du dena garbi edukitzeak»

Ordenaren guru Marie Kondoren ikastaro batean izan da Elias, Londresen; orain, praktikak egin behar ditu, 'Konmari' metodoa barneratzeko.

GORKA RUBIO / FOKU.
Maialen Unanue Irureta.
Zarautz
2019ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Marie Kondo ezagutu baino lehen desordenatua zen Amaia Elias (Azkoitia, Gipuzkoa, 1990). Barrualdeen diseinatzailea da: gauza bakoitzak etxean bere leku propioa izatearen garrantzia nabarmendu du, horrela, balioa ematen zaielakoan.

Jaso duzu bedeinkapena?

Bedeinkapena, batez ere: harekin erretratua ateratzean, bazirudien aita santuarekin nengoela; eskuak aurrean jarri behar ziren, ezin zenuen ez dakit zer egin...

Haren aholkulari titulua daukazu?

Praktikak egin behar ditut, eta doan eskainiko ditut; hori bai, animatzen denak hasi eta buka egin behar du.

Nondik hasi behar da Konmari metodoa aplikatzen?

Hurrenkera bat dago: arropa, liburuak, paperak, komono —beste taldeetan sartzen ez den guztia—, eta, azkenik, balio sentimentala duten gauzak. Oso garrantzitsua da horrela egitea: aukeratzeko gaitasuna hobetzen zoaz bakoitzean.

Etxe arrunt batean, gauzen ehuneko zenbat dago sobran?

Esaten dute %20 edo %30 bakarrik erabiltzen dugula, baina niri iruditzen zait gehiago dela. Dena den, egia da ez garela kontziente zer daukagun etxean.

Zer kosta zitzaizun gehien botatzea?

Etxe aldaketa asko egin ditut, eta, horregatik, ez dauzkat hainbeste gauza, eta hori inportantea da. Zailena ez dakit, baina badakit zer izan zen botatzen errazena: amaren etxeko trasteak. Zilbor hestea moztea bezala izan zen [barreak].

30 liburu baino ezin direla eduki esan omen zuen: posible al da?

Ikastaroan aipatu zuten, baina ez da egia: ez dakite nola zabaldu zen.

Bildumagile batek egin ahal izango luke, sakrifiziorik egin gabe?

Bai: gauzak banan-banan hartu eta zoriontasuna ematen badigute, toki berezi batean jarri beharko genituzke; berdin bilduma bateko aleekin. Poza ematen diguten gauzak bistara jarri behar dira; hala, gehiago baloratzen ditugu dauzkagun gauzak.

Zertan laguntzen du ordena hainbeste zaintzeak?

Sukaldea txukun daukazunean, janaria prestatzeko gogoa ematen du. Dena zerri eginda dagoenean, gurpil zoro batean sartzen zara. Nire ustez, sekulako indarra ematen du dena garbi edukitzeak, gauzak egiteko gogoa ematen du.

Zer eskatzen dizute bezeroek, zuk aholkatzen ez diezuna?

Garrantzitsua da kontziente izatea zer daukagun. Behar dena baino gehiago ez gastatzearren ere bai: eztabaida hori egoten da beti biltegiratzearekin. Nik badakit zer daukaten, eta, beraz, zenbat armairu behar dituzten. Eta, hala ere, betiko galdera: «Nahikoa izango da?».

Zenbat eta jende gehiago, zailagoa da etxea txukun mantentzea?

Bezeroak, orokorrean, umeak dituzten bikoteak izaten dira, eta ordena oso inportantea da umeentzat. Marie Kondorenaz gain, Montessoriren metodoa erabiltzen dut. Bi gauza komun dituzte: gauza bakoitzari bere tokia ematea —horregatik da txukuna izatea erraza—, eta gauzak baloratzea. Zer daukagun ez badakigu, ez diegu baliorik ematen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.