ATZEKOZ AURRERA. Sara Berasaluze. Argazkilaria

«Memoriaz hausnartzeko erakusketa bat da»

'I need you. I don't need you' (Behar zaitut. Ez zaitut behar) erakusketan, artistak lekuen eta oroitzapenen arteko harremana izan du oinarri. Hamabost protagonista izan ditu bidelagun.

BERRIA.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2019ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Argazkilaritzaren bitartez, Sara Berasaluze argazkilariak (Gasteiz, 1992) memoriaren gaineko ikerketa bat egin du. Haren erakusketa ikusgai dago Gasteizko Artgia gunean, ekainaren 14ra arte.

I need you. I don't need you izena du erakusketak. Zer dela etaaukeratu zenuen titulu hori?

Leonard Cohen musikariaren Chelsea Hotel abestiaren leloa aukeratu nuen titulutzat, pentsatu nuelako nire argazki proiektuarekin harremana zuela. Azken batean, oroitzapenen inguruko gogoeta bat egin nahi izan nuen, ea beharrezkoak diren ala ez.

Gainera, bidelagunakizan dituzu proiektuan.

Erakusketa hamabost argazki parek osatzen dute, eta argazki bakoitzean protagonista bat dago. Helburu nuen erakusketa parte hartzailea izatea, irekia; haietako bakoitzak, leku bat ez ezik, data bat ere aukeratu zuen. Elkarrekin joan ginen leku horretara, eta bertan oroitzapenak eta bizipenak kontaktu zizkidaten. Oroitzapenak gogoratzeko modu ezberdinak zituzten; batzuenak zoriontsuak ziren; beste batzuenak, tristeagoak.

Nola islatu dituzu leku eta oroitzapen horiek argazki batean?

Bi argazki egin nituen: lehenengoa, espazioa bera, hutsunearekin; bigarrena, leku berean, kamera mugitu gabe, protagonistarekin. Horregatik dira hamabost argazki pare; guztira, 30.

Argazkiez gain, badira bestelako elementu batzuk ere erakusketan.

Bai, erakusketan hainbat elementu ikus ditzakegu, memoriarekin ere lotura egiteko. Esate baterako, bada testu bat azaltzeko oroitzapenen eta memoriaren prozesua, baita bideo bat ere, oroitzapen pertsonalekin. Horrez gain, erloju bat ere badago; izan ere, parte hartzaileek data batekin lotu dituzte oroitzapenak.

Beraz, argazkilaritzatik haragoko proiektua al da?

Bai. Memoriaz hausnartzeko erakusketa bat da, azken batean horretan dauden oroitzapenetan oinarritutako lana baita. Jarraitu nahiko nuke horretan lanean.

Eta bisitariek ere izango dute oroitzapenak gogoratzeko aukerarik?

Bisitarientzat, eskuorriak egin nituen. Erakusketaren azalpenaz gain, bada bestelako informaziorik ere; parte hartzaile bakoitzak data bat aukeratu zuen, oroitzapena oinarri; data horietako bakoitzak, berriz, konstelazio bat dauka. Hori guztia eskuorrietan dago jasota; beraz, bisitariek hori hartzean oroitzapenen barnean sar daitezke. Orain arte, erakusketa intimoa eta pertsonala dela esan didate.

Proiektua amaitzear dago. Zeintzuk dira aurrera begirako asmoak?

Argazki proiektuak egiterakoan, beti aukeratzen dut memoriaren funtzionamenduaren gaia. Oso interesgarria iruditzen zait. Oraindik ez nago ziur, baina uste dut ikerketa horrekin jarraituko dudala lanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.