ATZEKOZ AURRERA. Almudena Martin. Fisikaria eta musikaria

«Gehiagotan entzun dut 'polita' hitza Fisikan, Arte Ederretan baino»

Fisikan eta Arte Ederretan lizentziaduna ez ezik, pianista eta zientzia dibulgatzailea ere bada Martin. Naukas zientzia jaialdian izango da gaur hizketan.

JAVIER ARIAS / TELEFONICA FUNDAZIOA.
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2022ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Arte Ederrak ikasten hasi zen Almudena Martin (Madril, 1986), kontserbatorioan ikasketak egiten zituen bitartean. «Zergatik gustatzen zaigu musika?». Galdera hori zeukan buruan eta erantzuna fisikan topa zezakeela pentsatu zuen.UNEDen Fisika ikasi zuen, eta La lira desafinada de Pitágoras liburua argitaratu du aurten. Bilbon hamar minutuko hitzaldi bat emango du gaur, Naukas zientzia dibulgaziorako ekitaldian, 17:40tik 17:50era.

Edertasunak lotzen al ditu Arte Ederrak eta Fisika?

Biak diziplina politak dira. Izan ere, nik gehiagotan entzun dut «polita» hitza Fisikako Fakultatean, Arte Ederretan baino. Fisikaren helburua ez da edertasuna bilatzea: mundua ulertzeko ereduak bilatzen ditu. Edonola ere, printzipio estetikoek eragina dute fisikariengan. Ekuaziorik ederrenen bilaketak teoria sendoak ekarri ditu, baina baita hutsegiteak ere.

Nondik dator liburuaren izena?

Liraren harien luzeraren eta soinuen arteko harremana ikertu zuen Pitagorasek, eta, adibidez, frogatu zuen 10, 20, 30 eta 40 zentimetroko sokak baziren, soinua perfektua zela. Hori zenbaki sinpleen arteko proportzioa da: 1, 2, 3 eta 4. Liraren edertasuna lortzeko zenbakiek bakunak eta politak izan behar bazuten, gauza bera gertatu behar zen unibertsoaren legeekin. Mundua zenbakien bidez deskribatzeko modua ematen duen lehen legea sortu zuen hala. Gaur egun, baina, ez dugu erabiltzen afinazio pitagorikoa. Agian, gure instrumentuak desafinatuta daudela irudituko zitzaion Pitagorasi. Horregatik izenburua.

Liburuan pentsalarien eta musikaren arteko harremana landu duzu. Zertarako?

Zientzialariak emoziorik gabe irudikatu ohi ditugu, baina ez dira harrizko estatuak, eta haiek ere badute bihotza. Mito hori hautsi nahi nuen. Horrez gain, Pedro Miguel Etxenike fisikariaren galdera egin nahi nuen: «Edertasuna al da egiaren irizpidea?». Newton, Kepler eta beste askok ideia politak izan zituzten, baina ez ziren egokiak. Egia da ekuazio ederrak errazago transmititzen direla, baina politak izatea ez da nahikoa, frogatu egin behar dira. Hori da azken irizpidea: egiaren irizpidea esperimentua da, eta ez edertasuna.

Ba al dago loturarik historiako pentsalarien eta gaur egungo musikaren artean?

Noski. Musikaren teoria eta harmoniaren printzipioak Pitagorasekin sortu ziren, baina, gero, bilakaera izan dute. Gure garaiko musika guztietan ageri dira printzipio horiek.

Adibide bat jar dezakezu?

Michael Jacksonek Man in the Mirror abestian, change hitza esan, eta, bat-batean, kantuko soinu guztiak aldatzen ditu. Musika eskala guztiz aldatzeari modulazio deritzo. Modulazioa Errenazimentuan hasi zen modan jartzen. Bitxia bada ere, horren alde zeuden musikariek bat egiten zuten mundua mugitu zitekeela zioen ideiarekin, fisikariek bezala. Metafora bat bezala: musikaren tonua mugitu ahal bada, Lurra ere mugituko da, nahiz eta gu ez konturatu.

Naukas ekitaldian egongo zara gaur. Zein da dibulgazioaren helburua?

Gizartea informatzea, gero erabaki egokiak har ditzan. Era berean, garrantzitsua da zientzialarien lana balioestea. Haien lana gizarteratu behar da, babesa emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.