'Train to Busan 2' filmarekin hasiko da Beldurrezko Astea

Urriaren 30etik azaroaren 6ra arte egingo da jaialdia, Donostian. Javier Botet aktorea da zinema festibalaren kartelaren protagonista

mikel lizarralde
Donostia
2020ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Yeon Sang-ho korearrak zuzendutako Train to Busan 2 (2020) filmak emango dio hasiera, urriaren 30ean, Donostiako 31. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteari. Train to Busan (2016) filmaren bigarren partea da aurtengo hori —lehena ere Yeon Sang-hok zuzendu zuen—. Hego Korean estreinatu dute uda honetan, eta arrakasta handia izan du. Beldurrezko Astea urriaren 30etik azaroaren 6ra arte egingo dute.

Train to Busan-en lehenengo partean kontatutako gertakarien ondorengo lau urteetan garatzen da aurtengo pelikularen ekintza. Izurria hedatu egin da, eta suntsituta utzi du herrialde osoa. Orain, zeharo erraustua dago, eta kontrola galdu duten zonbi gosetiek hartua, penintsularen jabe egin baitira. Epidemiaren hasieran, soldadu ohi batek eremu kutsatutik ihes egitea lortu zuen, eta hara itzuli beharrean izango da orain.

Beldurrezko Astearen antolatzaileek atzo eman zuten aurtengo ekitaldian proiektatuko dituzten beste film batzuen berri ere. Hauek dira: Benny Loves You (Karl Holt, Erresuma Batua), Meandre (Mathieu Turi, Frantzia), La Nuée (Just Philippot, Frantzia), PG: Psycho Goreman (Steven Kostansky, Kanada), Sea Fever (Neasa Hardiman, Irlanda-AEB-Erresuma Batua-Suedia-Belgika) eta Tailgate / Bumperkleef (Lodewijk Crijns, Herbehereak).

Javier Botet aktore espainiarra da aurtengo jaialdiko kartelaren protagonista. Ytantos estudioak egin du afixaren diseinua, eta Alberto Moragok, bere aldetik,argazkia. Kartelak beldurrezko zinemaren historian agertu izan diren panpinak omendu nahi ditu, eta, hain zuzen ere, panpinak agertu izan diren beldurrezko generoko klasiko batzuk proiektatuko dituzte Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean.

Bestalde, panpinak protagonista izango dira Alegiazko izakiak erakusketan ere; Okendo kultur etxean egongo da ikusgai, irailaren 25etik azaroaren 9ra, eta Tolosako (Gipuzkoa) Topic Museoko txotxongiloak ikusi ahal izango dira han.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.