KRITIKA. Musika

Brahmsen bide ziurrak

2021eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Euskadiko Orkestra

Zuzendaria: Roberto Treviño. Pianoa: Tom Barrow. Egitaraua: Johannes Brahmsen Pianorako 1. Kontzertua op. 15 eta 4. Sinfonia op. 98. Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Urriak 13.

Aurtengo denboraldiaren irekiera Robert Treviño zuzendari titularraren konpositore kuttunetako bati eskaini dio Euskadiko Orkestrak, Brahms Fest izeneko ekitaldi programa zabalean hanburgotarraren sinfonia guztiak eta kontzertu handiak eskainiz. Hiru astetan zehar besaulki-patioa geroz eta gehiago betetzen zihoala ikusi ahal izan dugu, zorionez; eta biraren azken kontzertuan, Donostiako Kursaal aretoan, besaulki-patioaren erabateko edukiera betetzeko lehen ahaleginak ikusi ahal izan ziren.

Gazte-gaztea zelarik hasi zen Johannes Brahms konpositorea bi pianorako sonata bat idazten, gerora Pianorako 1. Kontzertua izango zena. Obra handia eta intentsua da, pianoa eta orkestra sakonenean bateratzen dituena; hala ere, bigarren aldiz Leipzigen eman zenean, kritikari batek erabaki omen zuen ezinezkoa zela obrak inolako atseginik ematea. Lehen mugimenduaren hasiera izaera malkartsuak zeharkatzen du haizeen sarrerarekin eta harien parte-hartze zorrotzarekin. Giro horretan sartzen da gero pianoaren gaia, Euskadiko Orkestrak Donostian eskainitako emanaldian Tom Borrowek garbitasunez gidatu zuena. Israeldar gazteak 21 urte besterik ez ditu, Brahmsek adina, alegia, kontzertua idazten hasi zenean fraseatzea eta indarra menderatzen ditu, eta modu samurrean eho zen orkestrekin. Adagio-an nolabaiteko lotura falta sumatu bazen ere, azken mugimenduaren bizitasunean, orekan eta beti aurrera eginez, Brahmsen karisma ageri zen nonahi.

Programaren bigarren zatia Brahmsen beste berealdiko obrak osatzen zuen, bere azken sinfoniak, hain zuzen. Berezkoa zaion garapen organikoa motiboen konplexutasunean hazi egiten da, erroak hedatzen dituen haritz zahar baten antzera, lerro argi eta ehundura aberatsean. Orkestrako metalek eta zurezko haizeek distira atera zioten harien garapen tinkoari, Allegro non troppo zein Allegro giocoso-an. Flautak, bere aldetik, une loriatsua izan zuen azken mugimenduaren soloan. Lan nabarmena egin zuten tronpa, tronpeta eta tinbalek bariazio sinkopatuan. Robert Treviñoren batuta oro har eroso eta ziur, tarteka bere buruari so dagoela dirudien arren. Denboraldi hasiera zabala eta programa itxiera handia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.