ATZEKOZ AURRERA. Nuria Lopez Torres. Argazkilaria

«Kubak aurrea hartu digu erabat azken hamar urteotan»

Torres argazkilari katalanak transexualak erretratatzen ditu Kuban, Brasilen, Turkian, Mexikon... Zuzenean ikusi du nola aldatu diren Karibeko uhartean LGTB taldeari buruzko politikak.

Edu Lartzanguren.
Donostia
2018ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Nuria Lopez Torresek (Bartzelona, 1968) nortasun transexualak ikertzen ditu argazkigintzaren bitartez. Donostiako San Telmo Museoan izan da, urteetako lana azaltzen.

Argazkilaria zinen lehen ere, baina duela 15 urte hasi zinen transexualak erretratatzen. Zerk bultzatu zintuen horretara: estetikak, antropologia sozialak...?

Lotura nuen mugimendu feministarekin eta soziologian eta antropologian dabilen jendearekin. Lagun bat hasi zen sexu langile transekin lanean, eta haiek ezagutzeak galdera asko piztu zizkidan: nolakoa zen haien bizitza eta familiekin zuten harremana? Nolako eragina izan zuen haiengan sentitzen zuten bezala bizitzeak? Nola eraiki zuten nortasun berria?

Sex and Revolution in Cuba argazki saiakera argitaratu duzu. Zergatik iruditzen zaizu bereziki interesgarria Kubako komunitate transexuala?

Bartzelonan erretratatu nuen trans kubatar batek esan zidan 2008an Kuban aldaketa handiak gertatzen hasi zirela Mariela Castro Raul Castro presidentearen alaba CENESEXeko buru zegoenetik [Kubako Sexu Heziketaren Zentro Nazionala]. 2009. urtean joan nintzenean, ikusi nuen egia zela. Kuba aurretik ere interesatzen zitzaidan, iraultzaren lehen hamarkadak oso gogorrak izan baitziren LGTB kolektiboko jendearentzat. Jazarpen handia izan zuten, gero leuntzen joan bazen ere.

Zertan ikusi duzu aldaketa?

Aldaketa txiki bat egon zen 1990eko hamarkadan, Fresa y Chocolate filma estreinatu zutenean. Baina Raul Castrok erreforma handiak egin zituen 2008tik aurrera. Urte hartan egin zen lehen manifestazioa homofobiaren eta transfobiaren aurka, Mariela Castrok antolatuta. Gaur, hango telesailetan lesbianak agertzen dira. Gauza bat esan behar da: Kubak aurrea hartu digu erabat azken hamar urteotan, mugimendu hau egon den urte gutxiotan. Jakina, ez dira gauza bera Habanako tolerantzia eta ikusgarritasuna eta landa eremuetakoa. Baina munduko leku guztietan gertatzen da hori.

Mexikoko hirugarren generoko muxe-ekin aritu zara, Turkian, Brasilen... Hurrengo helmuga?

Indiako hijra-k erretratatzeko ditut, eta baita Irango transexualak. Aurten joan nahiko nuke Iranera, oso gauza bitxia gertatzen baita han: homosexualitateak heriotza zigorra dauka ezarria, baina transexualitatea onartuta dago, eta estatuak tratamenduaren %30 ordaintzen dizu, horrek tranpa badu ere. Thailandiara ere joango naiz, sexua aldatzeko ebakuntzen Meka da eta.

Zuk zer ikasi duzu transexualekin lan eginda?

Pertsona izugarri ausartak direla, eta erabaki oso gogorra hartu dutela, euren bizitzetan garesti ordainduta. Mirestekoak dira zentzuguztietan. Erabakiekin aurrera egiten irakatsi didate, kostu larria izanda ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.