ATZEKOZ AURRERA. Lucia Gallego. Medikuntzako irakaslea

«Emakumeak baztertuz gero, ezagutzaren %50 falta da»

Kultura arabiarraren eta Mendebaldekoaren arteko loturak sendotzeko, elkar ezagutzea beharrezkoa dela uste du Gallegok. Emakume arabiarrek historian izan duten garrantzia nabarmendu du.

Iker Tubia.
Iruñea
2019ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Arabiar kultura ezagutarazteko jardunaldiak egiten ari dira Iruñean, Nabda elkarteak antolaturik. Atzo, Lucia Gallego Andres (Abejera, Espainia, 1962) EHUko Medikuntza Fakultateko irakasle eta ikerlariak hitzaldia eman zuen: Arabiar munduko emakume garrantzitsuak.

Nondik heldu zaizu arabiar munduarekiko lotura edo jakin-mina?

Dantzaren bidez. Ekialdeko dantzarekiko pasioak eraman ninduen kultura hori ezagutzera; kultura, musika, hezkuntza, pentsamendu eta sentimendu baten adierazpena baita dantza. Eta azken urteetan Kairoko zentro batekin lan egin dut.

Beharrezkoa da jendea arabiar kulturara gerturatzea?

Azken urteetan bi kulturen arteko arrakala handitu da, arazo politiko eta erlijiosoengatik. Beraz, elkar ezagutzea eta elkarren arteko loturak bultzatzea onuragarria da. Europarrok kultura hau ezagutzeko behar handia dugu.

Zeren arabera aukeratu dituzu emakume arabiar horiek?

Loturak bilatu ditut. Arabiar ikuspegitik Mendebaldeko kulturari zerbait oso garrantzitsua eskaini diotenak. Historiako lehenbiziko mediku emakumea Merit-Ptah egiptoarra da: medikuen burua izan zen bere garaian. Hortik abiatu naiz. Bestelakoak ere aukeratu ditut; adibidez, ezkutatutako erreginak eta islameko erudituak.

Lotura estua dago arabiar eta mendebaldeko kulturen artean?

Zenbakiak arabiarren moduan idazten ditugu. Arabiar jatorriko gure kultur ondarea ikaragarria da. Gizadiaren garapenerako ezinbestekoa izan da. Beraz, saiatzen naiz emakume horien kasuak nabarmentzen. Adibidez, Lubna Kordobakoak Alexandriako bibliotekaren parekoa edo garrantzitsuagoa zen liburutegi bat zuzendu zuen.

Normalki Mendebaldekoekin baizik ez da oroitzen Mendebaldea?

Bai, sekulako lerratzea dago. Arabiarrak izan arren, gizadi osoarendako izan dira garrantzitsuak.

Emakumeak, ahaztuago?

[Irri egin du] Orain aste batzuk, Medikuntza Fakultatean, eta ikasleen proposamenari jarraikiz, koadro bat kentzeko bozketa egin zen fakultateko batzordean. Medikuntzaren historia zuen izenburua, eta gizonak bakarrik ageri ziren. Eztabaida handia piztu zen, esaten baitzuten historian emakume garrantzitsurik ez baldin bada egon ezin dela historia faltsutu. Medikuntzaren historian milaka emakume izan dira, baina gero ez dira ageri testu liburuetan. Historia faltsutzen da, eta hori ezagutza moduan geratzen da. Emakumeak baztertuz gero, ezagutzaren %50 falta da.

Nola ematen ahal zaio buelta egoera horri akademian?

Erresistentzia handiak daude toki guzietan, unibertsitatean ere bai. Batzuk saiatzen gara gure eskoletan, hitzaldietan eta abarretan ezagutza hau argitara ematen. Dena den, belaunaldi berriek eskatzen dute: ongi dakite zein den egoera, eta aldaketa bultzatzen ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.