ATZEKOZ AURRERA. Katixa Dolhare-Zaldunbide. Idazlea

«Literaturak biltzen ditu pertsonaren alor guziak»

Iruñeko Nafar Ateneoak Euskal Herri osoko euskal irakurleen klubak saretuko ditu bihar Iruñean. Dolhare gomitatu du lan horretarako: literatura nazionalaren kritika «asmatzera» bultzatuko du.
GUILLAUME FAUVEAU

Ainize Madariaga -

2019ko azaroak 15
Katixa Dolhare-Zaldunbidek (Ezpeleta, Lapurdi, 1982) letra zopan sortua beharko luke: literatura non, han bera. Nafarroa Garaiko Euskal Irakurle Kluben II. Biltzarra ospatuko dute bihar Iruñean. Lehentze Euskal Herriko klubak batzeko, orratza eskuan, sarea ehuntzen ari da Dolhare. Hitzaldia emanen du bihar, 10:00etan, Nafarroako liburutegian.

Bihar, Nafarroa Garaia bakarrik?

Iruñeko Nafar Ateneoa elkarteko irakurleen klubekoak dira arduradunak. Aurten, mugaz harago joan nahi dutenez, deitu naute. Xedea da Euskal Herriko euskal irakurleen klubak saretzea. Ideia laket dut, gogotik lagunduko dut saretzen.

Zertaz mintzatuko zara?

Ohartu dira jendeak zailtasunak dituela justifikatzeko zergatik duen liburua gustuko edo ez. Oinarrizko irizpideak ditut emanen.

Eta zein dira zure gomendioak?

Liburu baten kritika egiteko bi molde badira. Alde batetik, akademikoa, zeina bihar ez baitut aipatuko. Bestetik, literatura nazionalaren eraikuntzaren arabera asmatzen ahal den kritika egin daiteke; euskal literaturaren bilakaeraren araberakoa. Hemen, irizpide linguistikoa sar genezake: batuan idatzia den, euskalkian... Bai irizpide estetikoak ere. Konparazione, zein generotakoa den, eta hori nola gauzatzen den. Gainera, estiloa, doinua... azter daitezke. Literatura ez baita zientifikoa, norberaren sentsibilitatea sartzen da. Preseski, ez luke zentzurik teorikoa bakarrik balitz. Horregatik zait interesgarria ikuspegi akademikoa eta irakurle soilarena uztartzea. Elkarren osagarri dira.

Nolakoak dira irakurle klubak?

Batzuk badira edozein liburu hautatuko dutenak; bertze batzuk, eleberri laburrak, literarioagoak direnak, euskara lantzeko xedea dutenak. Azken horien irizpide kritikoa ez da literarioa, baizik eta linguistikoa: «Eleberri hau maitatu dut dena ulertu baitut». Hala, irizpide linguistikoaz harago, literarioagora iragateko emanen dut hitzaldia.

Zer dakarte irakurle klubek?

Bizi garen erritmoan ematen dizu epe bat, titulu bat, beharbada inoiz gurutzatuko ez zenukeena. Ahalbidetzen dizu leitzea, eta euskaraz; plazera partekatu eta idazleak ezagutzea, euskal literaturari balioa emendatu eta ikusgarriago egitea.

Zer da zuretzat literatura?

Esperientzia biziki sakona da; ikusmolde berriak ematen dizkizu. Gogoetarako bultzatzailea da, aktualitateaz edo historiaz.

Zer da literatura kulturarentzat?

Literaturak borobiltzen du kultura bat; biltzen du. Kultura baten zentzua da; funtsa; gailurra da, adierazpide osatuena. Artea den aldetik, estetikatik badu, baina garatzen du historiaren ikuspegi filosofiko eta etikoa. Munduari so egiteko manera bat da, hizkuntza lantzeko bidea, bai eta gogoetatzekoa ere. Hunkitzen ditu pertsonen bihotza, emozioak, bere gogoeta intelektualak harrotzen ditu. Biltzen ditu pertsonaren aspektu edo alor guziak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna