Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Mohamed Ounasser. Nafarroako Gazte sariduna

«Beharrak indarra ematen dizu pateran sartzeko»

Etxea atzean utzi eta Iruñera ailegatzeko bidaia gogorra kontatu du Ounasserrek. Nafarroako Gobernuaren ardurapean bizi da, paperen zain.
IÑIGO URIZ / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iker Tubia -

2019ko azaroak 29 - Iruñea

Irribarrea ahoan. Horrela egon da Mohamed Ounasser (Todga, Maroko, 2002) elkarrizketa hasi eta burutu arte. Irribarre horren atzean bizipen gogorrak badira ere, alde onari erreparatzen dio. Iaz pateran iritsi zen Espainiara, eta handik Iruñera, bakarrik, «aukeren bila». Orain, elektrizitatea ikasten du. Astelehenean Nafarroako Gazte saria eman zion gobernuak.

Nola jaso duzu saria?

Oso kontent nago, egia esan.

Zergatik erabaki zenuen zure herritik alde egitea?

Han gazte askok ikasketak bukatzen dituztenean ez dute lanik. Horregatik, asko gara aukeren bila etorri garenak. Erabaki zaila da etxea, familia eta lagunak han uztea, baina, denborarekin, pasatzen da.

Nolakoa izan zen bidaia?

Tangerrera autobusean joan nintzen, eta han patera batean sartu nintzen. Espainian Guardia Zibilak hartu gintuen, eta Andaluziako adingabeen zentro batera eraman. Ez dakizu zer gertatuko den; beraz, beldurra duzu. Hiru egunez han egon nintzen, lagun batek deitu eta hona ekarri ninduen arte.

Bidaia gogorra izan zen?

Bai, gogorra. 35 lagun sartu ginen bospasei metroko txalupan, eta hamabi orduz egon ginen itsasoan.

Hain gazte izanda, zailago izan da esperientzia?

Edozein adinekin beldurgarria da pateran igotzea, baina beharrak indarra ematen dizu hau egiteko.

Nolakoa izan zen adingabeen zentroko esperientzia?

Jendetza zegoen han. Lurrean egiten genuen lo, eta oso janari gutxi zegoen. Lagunari deitu eta esan nion ez nengoela ongi.

Zer harreman duzu familiarekin?

Astean bizpahirutan hitz egiten dut bideo dei bidez. Badakitenez hemen ongi nagoela, kontent dira. Hasieran ez zidaten hona etortzen uzten, itsasoan hiltzen ahal zarelako.

Haien falta sumatzen duzu?

Haien falta handia dut, eta haiek nirea, baina ez dut beste aukerarik.

Hona ailegatu zinenean, zer?

Ez nekien deus, ezin nuen jendearekin hitz egin. Pixka bat gogorra izan zen, baina, jende on askoren laguntzari esker, eta, gero, gaztelera ikasiz, asko hobetu da egoera.

SEI elkartera jo zenuen. Orain zer harreman duzu haiekin?

Iaz ezagutu nuen: gaztelera ikasten lagundu zidaten, baita lagunak egiten ere. Jarduera asko egiten dituzte. Aurten, begirale nabil iritsi berri direnekin. Ongi heldu zaie, oso ongi ulertzen baitut nola sentitzen diren.

Nafarroako Gobernuaren pisu batean bizi zara orain. Zer moduz?

Lau gara, eta, lagunartean biziz, oso ongi pasatzen dugu. Gure kultura mantentzen dugu: sukaldean tea prestatzen dugu, eta badugu otoitz egiteko tokia.

Adingabe izanda, aukera gehiago izan duzu hemen?

Paperik baduzu, ez da arazorik. Nik oraindik ez ditut; Bilbon ari dira pasaportearen eta txartelaren kontua konpontzen. Baina bai, hobe da 18 urteak baino lehen lortzea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Alvaro Arrizabalaga—ezkerretik hasita bigarrena— bisitariei azalpenak ematen. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Lezetxiki, altxor arkeologikoa

Amaia Jimenez Larrea

Paleolitoko indusketetarako bereziki «garrantzitsua» da Lezetxiki. Bertara egin duten bisita gidatuari esker, bisitariek aztarnategiaren egoera ikusi ahal izan dute.

 ©RAUL BOGAJO / FOKU

«Aktore asko goi maila artistikora iritsi dira umeentzako obrei esker»

Unai Etxenausia

Teatro Paraiso antzerki konpainiaren sortzaileetako bat da Lopez. Konpainia hori Gasteizko Abetxuku auzoan sortu zen, haurrentzako antzerkia egiteko. Singapur, Kanada, Norvegia... Mundu osoan zehar ematen dituzte antzezlanak.
Gazte batzuk sakelako telefonoa erabiltzen. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Euskal gazteek egunean ordu ugari pasatzen dituzte Instagramen

Urtzi Urkizu

11-17 urte artekoak egunean 23 aldiz sartzen dira aplikazioan, eta aldi bakoitzean, 26 minutuz

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iker Tubia

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.