ATZEKOZ AURRERA. Marina Pintos. Yoga eta meditazio irakaslea

«Emozioak ukatu egiten ditugu»

Soinuarekin uztartuta, yoga eta meditazio ariketa saioak biltzen dituen bigarren diskoa kaleratu du Pintosek, euskaraz: 'Izan'. Nabarmendu du gizakiak «txartzat» hartzen duela emozioak sentitzea, baina emozioak «energia» direla dio.

Mikel O. Iribar.
Irun
2019ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Pianoa jotzen 30 urte ibili eta gero, bide hori uzteko erabakia hartu zuen Marina Pintosek (Irun, Gipuzkoa, 1972), piano jolearen bizitza «hutsa» iruditzen baitzitzaion. Hala, yoga eta barne garapenerako orientatzaile gisa trebatu zen. Bizi Soinu zentroa sortu berri du jaioterrian. Musika, ordea, ez du alde batera utzi, eta, yogako ariketekin uztartuta, bere bigarren diskoa kaleratu du: Izan.

Izan jarri diozu izena zure bigarren diskoari. Zer dela eta?

Askotan, iruditzen zait egiten dugunagatik baloratzen gaituztela txikitatik. Gure bizitzan etengabeko mugimenduan gabiltza, eta ez dakigu gelditzen eta izaten. Izate huts horretatik ikasi behar dugu. Batzuetan, beldurra ematen digu gelditzeak eta hutsune horretan murgiltzeak, gure barruak emozio asko eta desatseginak baititu.

Zer biltzen duzu diskoan?

Lehenengo diskoa kontzentrazioa lantzeko zen. Bigarrengoan, berriz, presente egoteko ariketak eta musika instrumentalak bildu ditut, eta emozioak kudeatzeko tresnak.

Diskoa entzuteko espazioak badu garrantzirik?

Noski. Musika hau ez da autoan entzuteko zerbait. Oso lasaigarria da, eta espazio intimo bat behar da begiak ixteko eta lanketa bat egiteko. Denbora hartu behar da. Ez badugu arnasteko denborarik hartzen, inork ez du gure ordez arnastuko.

Bizi Soinu zentroa sortu berri duzu. Zer eskaintzen duzu?

Norberaren ezagutzarako eta gure esentziarekin konektatzeko espazio bat da. Horren arabera, yoga eta meditazio saioak eskaintzen ditut.Niretzat soinua ezinbesteko tresna bat da. Horren bitartez, gorputzaren arlo energetikoa orekatzeko lanketa egiten dugu.

Instrumentu guztiek ez dute balioko, ezta?

Soinu oso bereziak behar dira, eta, horretarako, instrumentu harmonikoak behar dira. Adibidez, monokordea, tam-tam gonga, Nepalgo flauta eta koshi instrumentuak erabiltzen ditut. Dena den, harmonia gehien dituen instrumentua ahotsa da.

Oro har, zer bezero mota izaten duzu?

Nagusiki, emakumeak. Gehienek beren burua ezagutu nahi dute.

Gizakiak zergatik sufritzen du hainbeste?

Ongi egotea erraza da, baina ahaztu egiten zaigu. Besterik gabe, begiak itxi eta zure arnasketa kontrolatzea gozagarria da. Kontua da burua etorkizunean eta iraganean dagoela. Beraz, oraina galtzen dugu, iraganak tristura eta nostalgia ekartzen dizkigulako eta etorkizunak estutasun bat sortzen digulako. Oraina ez dakigu bizitzen, eta horregatik sufritzen dugu hainbeste.

Emozioak kanporatzea kosta egiten da, ezta?

Emozioak kontrolatzen ez gara batere trebeak, ez baitigute erakutsi. Askotan, txartzat hartzen dugu emozioak sentitzea. Baztertu eta ukatu egiten ditugu. Baina emozioa mugimenduan dagoen energia bat da. Ikusi edo ez ikusi, hor egongo dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.