ATZEKOZ AURRERA. Josu Rekalde. EHUko katedraduna

«Emakume askea da Ferrer»

Tren bidaia bat, eta Esther Ferrer artista eta laguna bidaide. Performance bat, iragana eta oraina lotzeko hari. Emaitza: dokumental bat, oraindik askorentzat ezezaguna den artista bati buruz.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
jakes goikoetxea
2020ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Esther Ferrerrek eta Zaj sormen taldekoek 1978an Bolognako (Italia) tren batean hiru egunez egindako performancea hartu du abiapuntutzat Josu Rekaldek (Zornotza, Bizkaia, 1959), artistarekin Azpeitian (Gipuzkoa) tren bidaia errepikatzeko, eta haren bizitzako hariak dokumental batean josteko: Esther Ferrer: hilos de tiempo (Esther Ferrer: denbora hariak). EHUko Arte Ederren fakultateko katedraduna da Rekalde, eta Ferrerren laguna. Bilboko Arte Ederren Museoan ikusi ahal da dokumentala, bihar eta hurrengo bi ostiraletan, 19:00etan.

Ferrerren Numeros primos obra aukeratu duzu argazkirako, Gasteizen. Erakundeek artearekiko duten utzikeriaren erakusle al da?

Lauza batzuk dira, zenbakiekin. Ferrerrek haurrek jolasteko lekua izatea nahi zuen, baina lauzak irristakorrak dira, eta batzuk puskatuta daude. Denei gustatzen zaie inauguratzea, baina kostatu egiten da mantentzea.

Esan izan duzu Hilos de tiempo ez dela Ferrerri buruzko dokumental bat. Zer da orduan?

Ferrerrekin egindako dokumental bat. Erabaki nuen ez egitea dokumental historizista bat, baizik eta berarekin sortuz joatea eta hariak josiz joatea, bai dokumentalaren denboraren aldetik, bai bere biografiaren denboraren aldetik.

Zor bat kitatzeko modua da?

Hainbat gauza ikasi ditut, bai Ferrerrengandik, bai Tom Johnson musikariarengandik [Ferrerren senarra]. Bizitzeko moduaz eta artearekiko duten jarreraz, batez ere. Artea bizitzea da haientzat, jarrera bat.

Ferrer ezezagun handi bat da oraindik ere?

Bai. 80 urteren bueltan lortu du ospea, sariak eman dizkiotenean. Aurretik, mundu guztian ibili zen performanceak egiten, baina ez zen ezaguna, are gutxiago hemen. Arte munduan ez zeukan aitortzarik. Garai hartan, Euskal Herrian betikoak zeuden: Oteiza eta Txillida.

Performanceak gutxiesten zirelako? Emakumea zelako?

Kanpoan bizi izan delako ere bai. Performanceak ez du arrakasta handirik eduki Euskal Herrian. Garaiak aldatu dira, eta, berak dioen moduan, emakume artista zaharrak boladan daude. Ferrer feminista zen duela 30 urte ere.

82 urterekin, zahartzaroa aldarrikatzen du, erakusten du, bere gorputz biluziaren bidez.

Beti jolastu da denborarekin eta bere gorputzarekin. Gorputza norberak egiten duela dio. Zaharrek ere gorputza dutela aldarrikatzen du, zaharren gorputzak baduela zer esana.

Gaur egun ere apurtzaileak izango liratekeen performanceak egin zituen. Aitzindaria izan zen?

Beti eduki du gauza on bat: beti ibili dela modatik kanpo. Ez die garrantzirik eman ez modari, ez kritikari. Ferrer emakume aske bat da. Batzuetan, gauza asko apurtu ditu; egia da performanceak garai batean gauza asko apurtzen zituela.

Iraupen mugatuko artea da?

Performancea ez da erraz sartzen artearen munduan. Ezin da koadro bat bezala horma batean zintzilikatu. Museoek oraindik ez dute Ferrer ekartzen performance bat egiteko; erakusketa bat behar dute, geratuko den zerbait, zintzilikatu ahal dena. Ez dugu asko aurreratu horretan; materia behar dugu, objektua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.