ATZEKOZ AURRERA. Zorione Erezuma. Poeta

«Ingurukoei maite ditudala esateko modua da poesia»

Zorione Erezuma olerkigileari barren-barrenetik ateratzen zaio poesia idaztea. Bere olerki ikuskizunak «meditazio bidaia mistiko» moduan definitzen ditu.

RAUL BOGAJO / FOKU.
unai etxenausia
Gasteiz
2022ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Betidanik poesia idazteko «beharra» sentitu du Zorione Erezuma poeta gasteiztarrak (Bilbo, 1969). Autoeditatutako lau poesia liburu idatzi ditu, eta bosgarren lana argitaratuko du laster. Bihar, berriz, 20:00etan, Ohar baten bihotzera bidaia errezitala aurkeztuko du Gasteizko Vital fundazioko kulturunean, Dendaraban.

Nolakoa izango da biharkoa?

Emanaldia ez da kaleratuko dudan izen bereko olerki bildumaren aurkezpena; izan ere, liburu berriko olerkiez gain, PoemArte aurreko laneko poemak errezitatuko ditut. Are, bost musikarik girotuko dute errezitala. Beraz, meditazio bidaia bat izango da, bidaia mistiko bat; poesia eta musika arimaren hizkuntzak baitira. Horrez gain, duela gutxi hil den tango dantzari bat omenduko dut.

Zer-nolako esperientzia izan da ikuskizuna prestatzea?

Bidaia zirraragarria izan da, hasieratik. Ohorea da musikari apartekin lan egitea. Gainera, haiek nirekin lan egin nahi izateak nire lana duina dela sentiarazten dit. Sorpresaz inguratuta egon da prozesu osoa.

Eta, hitz batean, nola definituko zenuke ikuskizuna?

Arima.

Noiz erabaki zenuen zure olerkiak argitaratzeaz gain jendaurrean errezitatu nahi zenituela?

Nire olerkiak jendaurrean errezitatzen hasi nintzenean, poemak ea norenak ziren galdetzen zidan jendeak. Amorru pixka bat ematen zidan horrek, eta horregatik erabaki nuen publikatzea. Horrez gain, duela sei urte hasi nintzen Poetak Maiatzean egitasmoan parte hartzen. Orduan eman nuen bigarren pausoa, eta olerkiak paperetik atera eta jendaurrean aurkezteko momentua zela pentsatu nuen. Poemak errezitatzen direnean, momentu mistiko bat sortzen da, ikustera datorren jendearekin konektatzen duzu: bizirik dagoen zerbait entzuten du jendeak.

Zure errezitala Poetak Maiatzean egitasmoaren barruan dago. Beharrezkoak al dira horrelako proiektuak?

Oso eskertuta nago ekimen honek urtero ematen didan bultzadagatik. Halere, eskertuko genuke babes handiagoa izatea. Ez antolatzaileen aldetik, inondik inora, proiektuaren alde dauden sinaduren aldetik baizik. Artistok kontziente gara irabazi asmorik gabe aurkezten ditugula olerkiak; baina ez irabazteaz gain, dirua galtzen dugu askotan.

Orduan, olerkiak idaztetik bizi nahiko zenuke?

Gustatuko litzaidake, noski, baina zaila da. Halere, barrenetik ateratzen zait poesia idaztea. Ez dut honetaz bizi behar olerkiak idazteko, beharrak bultzatzen bainau.

Merezi du idazten jarraitzea?

Bai. Olerkia arimaren lengoaia dela sentitzen dut, emozio batena, sentimendu oso sakon batena; jainkoari baldintzarik gabe lotuta dagoena. Eta, nola ez, ingurukoei maite ditudala esateko modua da poesia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.