ATZEKOZ AURRERA. Xabier Apestegia, 'Reimy'. DJa

«Sanferminak giroa, kuadrilla eta kaleko musika dira»

Bizikletaren gainean karrikak berreskuratzeko deia egin du Reimy DJak. Musika eskaintza zabala du sanferminetan jendaurrean aurkezteko. Egunero ariko da ostatu batean musika paratzen.

IDOIA ZABALETA / @FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2022ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Bizikletan musika paratzeko tramankulu guziak sartuta, ostatuz ostatu joaten da Xabier Apestegia (Zare, Nafarroa, 1992), Reimy DJ izenez ezaguna karrikan. Reimyren Tourra hasi da: egunero Iruñeko ostatu batean ari da sanferminetan.

Azken bi urteetan besta ofizialik ez izan arren, karrikan izan zinen. Aurten ezin zenuen hutsik egin?

Sanferminak eta sortzen den giroa maite ditut. Etxean aritzea bezala da. Musika karrikara atera nahi dut.

Zure habitat naturala karrika izanik, sanferminak zure neurrira eginak dira?

Bai, bai. Lehenbiziko aldia Hormiga Atomican izan zen, 2013an; aurretik Arrosadiko etxabeetan aritzen nintzen, gazte inguruetan. Ordutik, urtero nabil, ia derrigorrezkoa da; gainera, Iruñean, urte osoan nire musika partekatzen dudan tokian.

Reimyren Tourra da kontzertu sortaren izena. Nola eginen dituzu etapak helmugara ongi iristeko?

Niretzat hau lana da. Ostatuek eta peñek geroz eta gehiago deitzen naute, eta, niri egiten dudana partekatzea gustatzen zaidanez, egunero emanaldi bat egin nahi izan dut nire bertsio guziak erakusteko: egun batean musika jamaikarra, beste batean funk musika... Gau bakoitzak bere doinua izanen du.

Azken etapak dira gogorrenak?

2019an sortu zen Reimyren Tourra, eta urte hartan ongi bete nuen. Deskantsatzea, ongi jatea eta ongi lo egitea da gakoa, eta batez ere gogo eta ilusio biziz aritzea. Tabernariak, garbitzaileak, banatzaileak... asko gara egunero lan egiten dugunak.

Besta giroan publikoak errespetatzen du zure lana?

Ohartu naiz jotzen dudan ostatuetan lortu dugula leku atseginak izatea: musikari balioa ematen diote, artistak errespetatzen dituzte, erasoei adi daude eta giroa zaintzen dute. Uztailaren 6an Katakraken DJ maratoia egin genuen 12:00etatik 04:00etara, eta tarte horretan gizon astun mozkor bat bota zuten neska batzuek. Ez zen arazo gehiagorik egon. Lortzen ari gara giro ona eta errespetuzkoa zenbait lekutan.

Bestarako tarterik baduzu?

Bai. Askotan izorratzen dit maite ditudan kontzertuak nire ordu berean direlako, baina ahal dudan guzietan joaten naiz musika entzutera. Karrikako musika eta giroa da maite dudana, ez zait beste deus interesatzen. Sanferminak giroa, kuadrilla eta kaleko musika dira.

Zein da zure arrakastaren gakoa?

Karrikan egon naizela. Azken bi urteetan ez da musika eskaintza handirik izan, eta karrikan alternatibak planteatu ditugu: masa kritikoarekin, besta alternatiboak eginez, herri mugimenduekin... Lortu dugu gizarte masa txiki bat sortzea karrikako proiektuak babesten dituena.

Zergatik da hain garrantzitsua karrika?

Elkartzeko gunea delako; gune aske bat da, partekatu behar duguna, eta berreskuratu, oraingo udalaren politikekin ukatu zaigulako. Gure musika partekatzeko eta harremanak egiteko tokia da karrika.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.