ATZEKOZ AURRERA. Sergi Ots. Zuzendari artistikoa

«Hitzik gabeko hizkuntza aldarrikatzen dugu»

Ez da mimika, ezta dantza ere. Antzerki bisualeko obrak sortzen ditu Sergi Otsek Ponten Pie konpainiarekin. Testu gabeko obrak izanagatik, ikuslearen hausnarketa eragitea dute xede.

BERRIA.
Naroa Torralba Rodriguez.
2023ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Ibilbide handiko zuzendari artistikoa da Sergi Ots (Bartzelona, 1985). Ponten Pie antzerki konpainiaren sortzaileetako bat da, eta testurik ez duten antzerki obrak sortzeagatik egin dira ezagunak munduan barrena. Haien azken lana, Bajau, ikusgai egongo da etzi Bilboko BBK aretoan.

Bajau zergatik da berezia?

Familientzako ikuskizuna da. Ikusle denak sartu ohi dira berdin istorioan, eta denak harritzen dira. Oso berezia da testurik ez dagoelako, eta dena irudi poetikoen irudimenean oinarritzen delako.

Zergatik da ura protagonista?

Ura lanaren beste protagonista bat balitz bezala lantzen dugu, eta elementu horrekin jolastu nahi dugu, gizakiok likidoarekin dugun loturaz hitz egiteko. Eta, hortik, gure bizitzaren hasiera osoari buruz hausnartzeko.

Testurik ez dauka. Baina ez da mimika, eta dantza ere ez. Zer da?

Ez da mimika eta ez da dantza. Istorioak azalduko ditugu aktoreek egiten dituzten irudi-sekuentziekin: zuhaitz bat hartzen dute, harekin harremana dute, ureztatuko dute. Une erreal batean istorio bat ikusten ariko bazina bezala giroa sortzen da. Leihotik zure bizilaguna ikustearen antzekoa.

Hala egin izan duzue lan beti?

Egin ditugun ikuskizun guztiek inoiz ez dute testurik izan. Konpainiaren zigilua da, eta hizkuntza unibertsal bat erabiltzeaz harro gaude: hitzik gabeko hizkuntza existitu egiten dela aldarrikatzen dugu.

Atzerrirako atea zabaldu dizue?

Gehiago egiten dugu lan atzerrian. Egonak gara 25 herrialdetan, eta guztietan ulertu dute istorioa. Horrek berretsi egiten digu komunikatzeko forma egokia dela. Ikusmena landuz azaltzea, jende askorekin hizkuntza batetik haratago joateko aukera badagoela.

Antzerki bisuala oinarri izanda, aparteko lanketa ematen diozue eszenografiari?

Oso apustu ezberdinak egin ditugu lan bakoitzarekin. Orain, Bajau antzezlanean, 800 litro ur dituen arrainontzi bat jarri dugu. Aktoreak barruan sartzen dira, jolas fantastiko bat egin dugu. Proposamen arriskutsuak eta ikustea zailak direnak gustatzen zaizkigu; dotore gelditzen zaigu hori, eta horrek bihurtzen gaitu berezi. Horretarako, eszenografiatik abiatzen gara, noski. Elementu batekin hasi eta hortik garatuz beste dena.

Zer du, zure ustez, antzerkiak berezia jendea hala harrapatzeko?

Antzerkiak badu zerbait benetako emozio horrekin harremanetan jartzeko, aktoreak begietara begira daudela. Gizarteen arteko lotura gisa dugun antzinako herentzia da. Jainkoen eta sinesmenen arteko lotura hori ezinbestekoa da. Iruditegi komun batekin benetan konektatzeko aukera ematen digu.

Utzi dizu irakaspenik?

Eszena berdinetan barre egiten dute munduko haur guztiek. Finean, ez garelako hain desberdinak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.