Koronabirusa

Joan-etorriak eta ordutegiak murriztera joko du gaur Labik

400dik gorako tasa duten herri eta lurraldeetan neurriak gogortzea da asmoa. Nafarroak, oraingoz, ez ditu gehiago zorroztuko neurriak

COVID-19 positiboak atzemateko baheketa, atzo, Lazkaon. JON URBE / FOKU.
Edurne Begiristain - Uxue Rey Gorraiz - Jon Ordoñez Garmendia
2021eko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak erkidegoetako osasun agintariekin asteazkenean egindako bileran, ez zen lortu adostasunik Aste Santuari begira neurriak zorrozteko, baina Carolina Darias Osasun ministroak erkidegoen esku utzi zuen euren eskumenak baliatuta zenbait neurri doitzea. Bada, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Euskadiko Plan Zibilaren Aholku Batzordea (Labi) bilerara deitu du gaurko, eta espero da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean daudenzenbait neurri zorrozteko erabakia hartzea.16:30ean bilduko da Labiren aholku batzordea, eta mahai gainean izango dute joan-etorriak eta espazio itxietako ordutegiak are gehiago murriztea.

Asteon, Jaurlaritzako agintariek adierazi dute ez zegoela Labiren aholku batzordea deitzeko arrazoirik, eta bere horretan utziko zituztela neurri murriztaileak Aste Santurako. Haatik, datuak nabarmen okerrera egiten ari direla ikusita, atzera egin du Urkulluk, eta Labiren aholku batzordeko presazko bilera batera deitu du gaurko. Aste Santutik hasi eta hurrengo asteetara begira neurriak zorrozteko aukera izango dute mahai gainean gaurko bileran. Albiste agentziek atzo aurreratu zutenez, Labiren batzorde teknikoak egindako proposamena aztergai izango dute bilera horretan: besteak beste, aurreko hamalau egunetan 100.000 biztanleko 400eko intzidentzia tasa duten herrietan eta lurraldeetan itxiera perimetrala berriro ezartzea eta ostalaritzaren ordutegia mugatzea aztertuko dute. Zehazki, Labiren batzorde teknikoak proposatu du perimetralki ixtea 5.000 biztanletik gorako udalerriak eta lurralde historikoak baldin eta intzidentzia metatua 400 kasutik gorakoa bada. Gainera, toki horietako ostalaritzaren barruko ordutegia murriztea da asmoa: 06:30etik 09:30era goizez, eta 13:00etatik 16:30era arratsaldez.

Birusaren intzidentzia 400 kasutik gorakoa den udalerrietan, gainera, espazio itxietan egiten diren kirol jarduerak gehienez lauko taldeetan egitea proposatu dute Labiren batzorde teknikoa osatzen duten adituek, betiere talde profesionalen eta federatuen entrenamendu eta lehiaketak salbuetsita. Herri horietan, kirol instalazioetako aldagelak eta dutxak itxita egongo lirateke, igerilekuetakoak izan ezik; horietan, gehieneko edukieraren % 35eko okupazioa duten aldagelak erabili ahal izango dira, eta baita dutxak ere, baina banaka. Azkenik,joko eta apustu etxeetan ostalaritza eta jatetxe zerbitzuak eskaintzea debekatzea proposatu dute adituek.

Labiren batzorde teknikoak egindako proposamen horiekaurrera eginez gero, litekeena da Aste Santuko oporraldian perimetralki itxita egotea Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zenbait toki. Neurri murriztaileak ez dira izango Aste Santuko jai egunetarako bakarrik, Labiren asmoa baita gutxienez hogei bat egunerako luzatzea. Urkullu lehendakariak atzo argi esan zuen bilakaera epidemiologikoak eskatzen duela neurriak zorroztea, eta bi esparrutan jarriko dutela, hain justu, arreta: joan-etorrietan eta espazio itxietan. Lehendakariak gogoratu zuen etxeratze ordua aurreratzea bere eskumenetik kanpo dagoela,eta, beraz, aukera bakarra itxiera perimetralak ezartzea dela.

Bestalde, gunegorrian dauden udalerrietan ostalaritza ixteari EAEko Auzitegi Nagusiak ezezkoa eman ostean, ostalaritzan neurriak gogortzeko bi aukera ditu egun Labik: edukiera edo ordutegia murriztea. Urkullu bigarren aukera horren alde agertu zen atzo, baina ez soilik ostalaritzaren kasuan, espazio itxi guztietan baizik: «Tokien barrualdea, edozein tokitako barrualdea arazo izaten ari da; ez dut uste edukieraren kontu bat denik, haren erabilpenarena baizik».

Nafarroan ere adi daude

Izurriaren bilakaera makurtzen ari da Hego Euskal Herri osoan, eta kutsatuen kurbaren gorako joera apaldu ezinik da. Ondorioz, Hegoaldeko lau herrialdeetako intzidentzia tasak goraka ari dira etenik gabe. Zehazki, tasa hori Araban da handiena, eta, are, 300eko langa gainditu du berriki: azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko 307 pertsonari atzeman diete birusa. Gainerako lurraldeei dagokienez, Bizkaian 237 da tasa; Gipuzkoan 222 da, eta Nafarroan, berriz, 192.

Indarrean diren neurriei eutsiko die oraingoz Nafarroako Gobernuak, baina gehiago zorroztu daitezkeela ohartarazi du Maria Txibite presidenteak. Gainera, kezka iturri jarraitzen du izaten Erresuma Batutik zabaldu eta mundu osoan aise zabaldu den birusaren aldaerak; Nafarroako Osasun Publikoko Institutuak jakinarazi duenez, aldaera hori atzeman diote jada hamar positibotatik bederatziri. Santos Indurain Osasun kontseilariak ohartarazi du herrialdea «laugarren olatuaren atarian» dagoela, eta agerikoa dela neurri murriztaileekin ez direla lortzen ari transmisioa etetea.

Bilakaera epidemiologikoari dagokionez, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, herenegun 13.157 test egin ziren birusa detektatzeko, eta 687 positibo atzeman zituzten horietan. Horiek horrela, positiboen ehunekoa %5,2 da Hegoaldean. Bitartean, intzidentzia handiko zenbait herritan baheketak egiten jarraitzen dute: besteak beste, Lazkaon (Gipuzkoa) atzo egin zizkieten PCR probak 15-59 urte artekoei. Gainera, Osakidetzak PCR proba egiteko deia egin die martxoaren 15etik 22ra Bilboko Gorteak kaleko Poker Bilbao tabernan egondakoei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.