Koronabirusa

Jaurlaritzak osasun langileen eta ertzainen eskubideak urratu zituen

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epaia berretsi du Espainiako Auzitegi Gorenak

Gurutzetako ospitaleko langileak babeserako materiala jantzita. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Maria Ortega Zubiate
2021eko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak Osakidetzako langileen eta ertzainen oinarrizko eskubideak «urratu» zituela ebatzi du justiziak; hain justu ere,EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak horri dagokionez emandako epaiak berretsi ditu Espainiako Auzitegi Gorenak, sektore horietako langileek hainbat hilabetez —pandemiaren lehen olatuan— babes materialik gabe lan egin beharrak beren «oinarrizko eskubideen» urraketa ekarri zuela ondorioztatuta. Arrazoia eman die salaketa jarri zuten Osakidetzako eta Ertzaintzako sindikatuei. Gertatutakoa «eskubideen urraketa» zela «aho batez» onartu dute epaimahaikideek, Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak azaldutakoaren arabera. Jaurlaritza erruduntzat jo badute ere, oraino ez dute informazio gehigarririk jakinarazi: datozen asteetan emango dute epaien nondik norakoen berri.

Martxoan urtea beteko da ESK osasungintzako sindikatuak eta Erne eta Esan Ertzaintzako sindikatuek EAEko Auzitegi Nagusian salaketak jarri zituztela. Bertan adierazi zuten ez zutela behar beste babes material. Osakidetzako langileen kasuan, norbera babesteko ekipamenduen falta salatu zuten, baita horiek erabiltzeko protokolo zehatzena ere. Gehitu zuten ez zietela proba medikurik egin langileei eta, ondorioz, ez zekitela lantaldeko egoera zein zen kutsatzeei dagokionez.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zien iazko uztailean, eta zenbait neurri hartzera behartu zuen Jaurlaritza: Segurtasun Sailak ertzain guztiei proba serologikoa egitea baimendu behar izan zuen, eta langileen babeserako «beharrezkoak ziren neurriak» hartzera derrigortu zuten Osakidetza. Orduan, orduko Osasun sailburu Nekane Murgaren dimisioa eskatu zuen ESK sindikatuak, «erantzukizunak har zitzan».

Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, helegitea jarri zien bi epaiei, eta atzo heldu zen Auzitegi Goreneko Gizarte gaietako bilkuraren erantzuna. Jaurlaritzaren eskaerei uko egin eta aurreko bi epaiek adierazitakoa berretsi zuen: Jaurlaritzak langile horien oinarrizko eskubideak «urratu» zituela, alegia.

Oraindik epaiaren zehaztapenak eta ekarriko dituen ondorioak argitzeko badaude ere, bestelakorik ere aurreratu du epaimahaiak. Ebatzi du laneko arriskuen prebentzioaren inguruan ebazteko «eskuduntza» baduela auzitegiak , eta gehitu du «egokia» iruditzen zaiola langile horien oinarrizko eskubideek tutoretza judiziala izatea, pandemia dela-eta osasungintzako langileek eta ertzainek izan dituzten «baldintza ezohikoak» aintzat hartuta. Gehitu du sindikatuek «zilegitasuna» dutela tutoretza judizial hori eskatzeko, kaltetuak «talde orokor eta zehaztugabe» baten parte direlako.

Jaurlaritza ez dator bat

Gorenaren erantzunak berehalako erreakzioa sorrarazi dio Jaurlaritzari. Komunikatu bat plazaratu zuen atzo, adieraziz erabakia errespetatzen duela baina ez duela bat egiten harekin. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpenen harira bezalaxe, azaldu duez datorrela bat, eta nabarmendu du, hain zuzen ere, horrexegatik erabaki zutela Auzitegi Gorenera jotzea.

Jaurlaritzak «funtsezkotzat» jo du sindikatuen salaketa denboran kokatzea. Izan ere, gogorarazi du pandemiaren hasiera-hasieran izan zela. «Garai hartan, COVID-19aren biktimei laguntzeko eta baita Osakidetzako osasun profesionalak eta pandemiari aurre egiteko funtsezkoak ziren beste lanbide batzuk ere —tartean Ertzaintza— babesteko osasun materiala oso urria zen Euskadin eta mundu osoan», azaldu du. Horrez gainera, konfinamendua zela-eta, materialaren banaketa zaildu zela argudiatu du, ekoizpen, logistika eta garraio jarduera guztiak itxita zeudelako.

Dena den, azpimarratu du gaur egun Euskal Administrazio Publikoan lan egiten duten guztiei banakako babes ekipamendu egokiak banatzen dizkietela. Horrez gain, azaldu du administrazioaren peko sail, erakunde eta entitate publiko bakoitzeko prebentzio eta osasun taldeek babes protokoloak eta planak dituztela, «lantaldeko pertsona bakoitzaren arriskuaren ebaluazioarekin bat datozenak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.