Koronabirusa

Alarma egoeraren osteko eskumenen harira, zalantza ugari daude oraindik

Txosten juridiko bat eskatu du EH Bilduk. Urkulluk berretsi du alarma egoera luzatzeko nahia

Ertzainak itxiera perimetrala kontrolatzen, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz - Maria Ortega Zubiate - Edurne Begiristain
2021eko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Alarma egoera maiatzaren 9an bertan behera uzteko asmoa agerian utzi du Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek, eta, eguna hurbildu ahala, ozen entzuten ari dira horrek izurriari aurre egiteko neurriak ezartze aldera ekar ditzakeen mugen inguruko zalantzak. EAJk eta EH Bilduk, esaterako, adierazi dute egunotan Espainiako Gobernuak esandakoa betetzen badu eskumen gutxiago izango dituztela erkidegoek neurriak ezartzeko. Adierazpen horien harira, Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde Idoia Mendiak atzo esan zien neurria luzatzearen edo berriz ezartzearen alde dauden talde politikoei horretarako konpromisoa «idatziz» adierazteko.

Hala ere, erabateko babesa azaldu zion Mendiak Sanchezi; sinetsita dago erabaki egokiak hartuko dituela maiatzaren 9aren ondoko egoerari begira. «Herritarren osasuna bermatzeko behar bezalako prebentzio neurriak har daitezen aginduko du». Zalantzak, ordea, ez dira gutxi. Atzo bertan, Eusko Jaurlaritzako lehendakariIñigo Urkulluk berretsi zuen kezka eragiten diela alarma egoeraren osteko egoerak. Indarrean ez bada, ohiko legediak eskaintzen dituen tresna juridikoak baliatzea proposatu zuen, eta adierazi zuen Osasun Publikoko Neurri Berezien Legea moldatzea aukera bat izan daitekeela.

EH Bilduk, berriz, txosten juridiko bat eskatu die Eusko Legebiltzarreko zerbitzu juridikoei, aztertzeko behin alarma egoera amaituta zer neurri hartu ahal izango diren. Maddalen Iriartek gogoratu zuen, hala ere, egoera jakin honetan alarma egoera luzatzea nahi badute ere benetan «subiranotasuna» lortzea dela gakoa, halako ataka zailetan berriz ez egoteko. «Baina orain zalantzak argitu behar dira».

Duda horien harira, Bilboko epaileen dekano Aner Uriartek adierazi zuen alarma egoerarik gabe egun indarrean dauden hainbat neurri ezingo direla ezarri; esaterako, etxeratze aginduak, konfinamendu orokorrak eta etxe barruetan dauden pertsonak mugatzeko neurriak jartzeko erarik ez da izango. «Oinarrizko eskubideak» urratzen dituzte horiek guztiek, eta alarma egoera bat indarrean izatea ezinbestekoa da halakoak ezartzeko. Aldiz, era izango dute administrazioek maskararen derrigortasuna ezartzen jarraitzeko eta ostatuetako espazioetan eta ordutegietan mugak ezartzeko .

Labiren bilerarik ez

Egun indarrean dauden neurriak hizpide, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako neurriak ebazten dituen Labiren batzorde teknikoa atzo goizean batzartu zen, baina erabaki zuen ez dela beharrezkoa neurri murriztaile gehiago hartzea, eta, beraz,Urkullu lehendakariak adierazi zuen ez duela neurriak berrikusteko bilerarik deituko. Nafarroako agintariek ere datorren astera arte behintzat nahi dituzte indarrean egun dauden neurriak, eta ez dute lehenago aldaketarik egiteko asmorik.

Eta, bitartean, zenbait sektoretan kexuek ez dute etenik. Nafarroako zenbait ostalaritza elkarteri, esate baterako, ez zaizkie «eraginkorrak» iruditzen Nafarroako Gobernuak ostalaritzari ezarritako neurri murriztaileak, eta, hain zuzen ere, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian helegitea jarriko dutela jakinarazi zuten atzo. AEHN Nafarroako Ostalaritza eta Turismorako Elkarteak eta Anapeh Nafarroako Ostalaritza Enpresa Txikien Elkarteak jarri dute martxan prozesua, «ebidentzia zientifikoek» neurri horiek ez dituztela babesten argudiatuta. Salatu dute gobernuak ez dituela jarri martxan ekonomia eta osasuna uztar ditzaketen beste neurri batzuk; aireztapen sistemak eta CO2aren kontrola, esaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.