Gutxiengo batek sinatuko du zahar etxeetako lan hitzarmena

UGTk, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adegi, Lares eta Garen patronalek sinatuko dute ituna. UGTk langileen %7 ordezkatzen ditu

Lan itunaren aldeko protesta bat, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Gipuzkoako zahar etxeetako patronalak eta sindikatuak lan ituna adosteko bildu ziren atzo, eta, iragarri zutenez, UGTk, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adegi, Lares eta Garen patronalek sinatuko dute egoitzetako lan hitzarmena, hau da, gutxiengo batek. Izan ere, UGTk Gipuzkoako zahar etxeetako langileen %7 baino ez ditu ordezkatzen.

Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Gaietako diputatuarentzat, erabakia «aurrerapen positiboa» izan da egoitzen sektorearentzat: «Denbora luzez geldirik egon den gatazka batean aurrerapausoa da». Peñaren ustez, «agerian geratu da lan gatazkari irtenbideak bilatzea borondate kontua dela, eta akordioa posible dela».

ELAk eta LABek ez dute iritzi bera. ELAren ustez, «onartezina» eta «antidemokratikoa» da erabakia, hala nola sektoreko soldata arrakala eta egoitzen arteko arrakala areagotuko dituelako. Iritzi berekoa da LAB: haren ustez, «oso larria» da ituna gutxiengo sindikalarekin sinatzea.

ELAk salatu zuen hitzarmenak «patronalen poltsikoak aberasteko» eta langileen baldintzak «okertzeko» baino ez duela balio izango. Izan ere, akordioa onartzean, «bizkarra eman diete» langileen %93ri eta patronalaren %27ri.

LABentzat, patronalaren proposamena «ez zen nahikoa», baina kontraproposamen bat egiteko asmoa azaldu zuen atzo. Sindikatuak salatu zuenez, ordea, patronalak ez zuen horretarako «inolako aukerarik» eman, eta UGT sindikatuarekin «eragin mugatuko akordio bat» sinatzeko aukera zabaldu zuen.

LABen arabera, patronalak egindako proposamenak akordiorako «zailtasun batzuk» planteatzen ditu, eta, horien harira, sindikatuarentzat «beharrezkoa» da, besteak beste, bi urtean galdu daitekeen erosahalmena berreskuratzeko konpentsazio bat jasotzea, baita 2022. urtearen aurretik erosahalmena galdu duten langileek atzerapenak eskuratzeko konpromisoa bermatzea ere.

Borrokari, «muzin»

ELAren arabera, lan itun hori sinatzean,«muzin» egingo diote lau urteko borrokari, eta sektorearen errealitatea «nabarmen» okertuko da. Azaldu zuenez, besteak beste, 30 minutuko atsedenaldia eta 42 euroko antzinatasuna duten langileek bost minutuko atsedenaldia eta 26 euroko antzinatasuna izango dute 2022rako. Horrekin batera, ELAk adierazi zuen 2009-2012 aldirako hitzarmena berreskuratuko dela, eta enpresetako hitzarmen gehienak baino «askoz okerragoa» dela.

«Eskandalua da aldundiak eraginkortasun mugatuko hitzarmen antidemokratikoen alde egitea», azaldu zuen sindikatuak, eta gaineratu zuen diputazioak «prekarizazioaren alde» egin zuela.

ELAk salatu zuen erabaki horrek enpresen aberastasunari baino ez diola erantzuten, eta, ondorioz, datozen urteetan sektorea «gero eta prekarioagoa» izango dela. LABek ere interpelatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundia, hark baitu ardura instituzionala, eta akordioa ez babesteko eskatu zion.

Hartutako erabakiaren harira, ELAk zerbitzuaren kalitatea lehenesten duen zaintza sistema baten alde borrokatzera deitu zituen langileak. LABek jakinarazi zuen aurreratzean ere lan hitzarmenaren aldeko borroka «hauspotzen» arituko dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.