Pastor
DARWIN ETA GU

Misterio urdin argia

2021eko urriaren 30a
00:00
Entzun
Neskak gona jantzi du. Gona zuri luzea. Gona zuri, luze eta... gardena, barruko guztia erakusten duena: kuleroak, kulero urdinak. Kulero tradizionalen eta tangen arteko modelo hibridoa-edo. Kulero urdin argiak.

Gradu Amaierako Lana aurkezteko eguna egokitu zaio, eta hala jantzita agertu da epaimahaiaren aurrean. Saioa bukatu eta gelatik irten da. Epaimahaiko bi emakumeek feminismoari lotutako hainbat ikerketa egin dituzte. Haietako batek galdera zuzena egin die besteei: «Zer iruditu zaizue modelito-a?». Azkar erantzun dio haren ondokoak: «Hauek tontotzen hasi dira. Nik alabari ez nioke utziko etxetik horrela irteten».

Neska karreran ezagutu dute epaimahaiko hiru irakasleek. Inoiz ez dute halako arroparekin ikusi. Zergatik jantzi da horrela? Bere gorputza erakutsi du. Bere irudia. Berebiziko garrantzia du irudiak munduaren aurrean agertzeko tenorean. Egun inoiz baino gehiago. Alde txarrak izango ditu irudiaren aroan bizitzeak, baina onak ere bai, nola ikusten den. Argazki edo bideo bati lotutako irudiak arazoak sor ditzake. Alta, askatasuna ere ekar dezakeela diote zenbait adituk. XX. mendearen bigarren zatiko lehen hamarkadetan, sare sozialik gabe ustez hain pozik eta libre bizi ginenean, askoz itxiago zegoen harremanen eredua. Orain, ez.

Izan ere, gizarteko zenbait hesi apurtu dira sare sozialei esker. Argazki bat zure gogoko sare sozialean jarri eta aurrera. Lehenago, auzoko, herriko, eskolako lagunekin osatzen ziren bikoteak. Mugak bazeuden: muga ekonomikoak, soziologikoak... Horiek haustea ezinezkoa izan ez arren, oso zaila zen. Gaur errazagoa da dena. Interneten bidezko bikote harremanak gero eta gehiago dira. Thomas Reuben J irakasleak 2019an argitaratu zuen lan batean ageri denez, 90eko azken urteetan Interneti esker sortu ziren bikoteak %4 ziren AEBetan. Portzentaje hori % 17,7 zen hurrengo hamarkadan eta % 31 2010eko hamarkadan —2015-2017 tartean % 38,9koa izan zen portzentajea—. Beste datu bat eman du Reubenek: sare sozialen bidez osatzen diren bikoteen artean exogamia kasuen portzentajea handiagoa da offline elkar ezagutu dutenen artean baino. Jatorri, arraza, kultura eta klase sozial desberdineko pertsonen arteko bikote gehiago sortzen dira Interneten bidez.

Andreu Barnils kazetari katalanak adibide batez azaldu du. Senide eta lagunen arteko festa batera joan da. Hiru edo lau belaunaldiko kideak batzen dituen ospakizun horietako bat da. Landa eremu batean egin dute, mendialdean. Han daudela, bikote bat ikusi dute basotik irteten. Neska-mutil gazteek ez dituzte hamazazpi urte izango. Barreka datoz. Bartzelonakoak dira, baina ez dute kalean, tabernan, eskolan edo lagun artean ezagutu elkar. Mark Zuckerberg-en paradisuak elkartu ditu. Instagram-en izan dute elkarren berri. «Oraingo gazte guztiek elkar aurkitzen duten lekuan», esan du gurasoetako batek.

Sare sozialak. Bikotekideek bertan ezagutzen dute elkar. Irudia, argazkia da inportanteena. Tristea dela esango dute. Neurri batean hala da, baina irudiak bazuen garrantzia lehen ere. Instagram-ek-eta handitu, anplifikatu egin dute haren eragina. Irudiaren menpe gaude. Menpekotasun hori esklabotza modukoa izan daiteke. Hala ere, sare sozialetako argazki eta irudi horiek murruak apurtu eta lehen itxita zeuden ateak irekitzen dituzte. «Argazkiak du garrantzia. Itxura fisikoak. Ez gurasoek, ez ikasgelak, ez uda igarotzen duzun lekuak, ez auzo aberatsak, ez auzo pobreak. Argazkia, hori kartzela! Argazkia, hori askapena!», jakinarazi du Barnilsek.

Gradu Amaierako Lana defendatu duen neskak Instagram izango du —bada 21 urteko gazterik, Instagram ez duenik?—. Hantxe eskegiko ditu argazkiak. Baliteke beste nonbaiten bideo bereziak jartzea, nork jakin. Zer zerabilen buruan egun hartan goizean janzten ari zen bitartean? Zer nahi zuen? Zerbait frogatu? Ausardia ekintza bat egin? Aldarrikapen moduko agerraldia? Ez dugu jakingo. Misterio urdin argia ez da inoiz argituko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.