Albistea entzun

DARWIN ETA GU

Espainiarra deitura, espainiarra tortura

Jose Mari Pastor -

2019ko martxoak 30

Hernan Cortes konkistatzaile espainiarra duela 500 urte heldu zen Mexikora, 1519an. Bi urte geroago, 1521ean, Cuauhtemoc agintari azteka harrapatu eta modu basatian torturatu zuen: oinak erre zizkion, azteken altxorra non zegoen esanarazteko. Ez zuen informazio hori lortu, baina. Handik lau urtera, Cuauhtemoc urkatzeko agindua eman zuen Cortesek. Indigenen burua heroi nazionala da Mexikon. Haren omenezko irudiak edonon ikusten dira bertan. Torturatzaile espainiarrarenak ez, jakina.

Konkistako sarraskiengatik barkamena eskatzeko esan dio Mexikoko presidente Andres Manuel Lopez Obradorrek Espainiako errege Felipe VI.ari. Horren ondorioz, populista eta gezurtia deitu diote. Zuria ere bai: batetik, indigenen bizi-baldintzak hobetzearen alde ezer egin ez duelako eta, bestetik, azal zuriegia duelako, indigenen izenean mintzatzeko.

Pentsaera kolonialista eta arrazistaren seinale dira argudio horiek. Izan ere, zuria izanez gero, akaso ez zara mexikarra? Arturo Perez-Reverte idazleak «ergela» eta «lotsagabea» deitu dio Lopez Obradorri. Haren ustez, barkamena Mexikoko presidenteak eskatu beharko luke, «deitura espainiarrak dituelako, eta han bizi delako». Ederto! Horren arabera, mexikar gehienek, itxura kaukasiko handiena edo ezaugarri indigena nabarmenenak izan edo ez, ezin dute Espainia kritikatu, deitura espainiarrak dituztelako. Zergatik abizen espainiarrak? Askotan konkistatzaileek ezarri zizkietelako. Batzuetan misiolariek, bestetan enkomendadore izeneko horiek, indigenen ardura beren gain hartzen zutenek, indio haiek animalien parekoak zirelako, eta jabe, tutore bat behar zutelako. Euskal abizenak ere hedatu ziren Ameriketan, kolonizatzaileen artean euskaldunak bazeudelako. Kolonizatuak etxean, kolonizatzaileak kanpoan.

Izen azteka batzuek bizirik iraun dute, baina herritar gehienek kolonizatzaileenak hartu zituzten. Abizen espainiarrak izateak mexikartasuna kentzen ote die mexikarrei? Azal zuria izateak ere bai? Eskubiderik gabe uzten ditu horrek guztiak, inperialismo espainiarra ozenki kritikatzeko?

Zenbait espainiarren ustez, konkistan egindako astakeriak abusuak baino ez ziren izan. Ez genozidiorik, ez sarraskirik. Eskolan inork ez zigun esan Hernan Cortesek oinak erre zizkionik Cuauhtemoci. Eta hala balitz ere, abusua izango zen, besterik ez. Pizarrok ere, Ameriketara joandako beste konkistatzaile genozida batek, bereak egin zituen: Atahualpa, inken erregea, gatibu hartu zuen. Preso zegoen ziega urrez beteko zuela esan zion inken buruak Pizarrori. Libre uzteko erreskatea izango zen. Halaxe adostu zuten, baina Pizarrok urre guztia hartu, eta exekutatu egin zuen. Hori ere ez ziguten azaldu eskolan.

Abusuak, besterik ez. Erregimen postfrankistan ere abusuak izan dira. Torturarik ez. Barrabiletan elektrodoak? Abusuak. Aluan makila sartu eta bortxatu? Abusuak. Gehienez ere, tratu txarrak. Poliziaren gehiegikeriak, orain esaten den moduan. Tortura zuritzeko modu zuria.

Ez dakit Lopez Obradorrek ezkutuko arrazoirik ote duen gaia orain azaltzeko, baina konkistaren 500. urteurrena data ezin aproposagoa da Espainian hedatu nahi izan duten leienda zuriari aurre egiteko.

Bestela, edozer esateko kapazak dira. Espainiak ez zuela inoiz bere kultura edo hizkuntza inposatu esan zuen behin Juan Carlos I.ak. Ez, ba! Non zeuden orduan orain Lopez Obrador larrutzen ari diren historiagile eta akademiko espainiarrak, erregeari «¿por qué no te callas?» esateko? Zeanuri edo Oiartzungo euskaldun batek Borboikoaren aurrean jarri, eta eskolan jasotako kolpe eta zigorren berri eman balio, «ergela» eta «lotsagabea» deitu balio, nola erreakzionatuko zuten Espainiako akademikoek eta kultura ofizialaren ordezkariek?

Zenbat euskaldun ez ote dira halako trantzean egon. Eta gero, Francok ezarritako errege negazionistaren astakeriak entzun behar. Genozidioa? Ez. Torturak Espainian? Hori ere ez. Inondik inora ere ez. Gehienez ere, abusuak. Abusu espainiarrak.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidea, gaurko osoko bilkuran. ©Eusko Legebiltzarra

Oposizioak uste du Jaurlaritzak «pribatizazioa» hautatu duela itxaron zerrendak laburtzeko

Xabier Martin

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek «osasun profesionalen gabeziari» buruzko zuzenketa bat aurkeztu dute Eusko Legebiltzarrean, baina EAJren eta PSEren gehiengoak bere idatzia onartu du, Osasun Sailari eskatzeko martxan dauden «LEPak burutzeko». Gaur jakin da Osakidetzak alor pribatura bideratuko dituela ebakuntza sorta batzuk, itxaron zerrendei aurre egiteko.

Kilometroak festaren aurkezpena, gaur, Errenterian. ©Maialen Andres /Foku

Lau gune eta hiru azpigune urriaren 1ean Kilometroak ospatzeko

Iker Tubia

Willis Drummond, Gozategi, Dupla, Goazen!, Andoni Ollokiegi eta Janus Lester ariko dira, besteak beste.

Isabel Rodriguez eta Miquel Iceta ministroak itzulpen zuzena aditzeko kaskoa belarrian dutela, gaur, Espainiako Kongresuan. ©Juan Carlos Hidalgo / Efe

Araudia aldatuta, Espainiako Kongresuan euskaraz egin ahal izanen da aurrerantzean

Iker Tubia

EH Bilduk euskararen zonifikazioa bertan behera uzteko eskatu dio PSNri Madrilen, eta EAJren zuzenketa onartu dute, itzulpenek balio juridikoa izan dezaten.

Angeluko Bihotzeko Ostatua ©Guillaume Fauveau

Bihotzeko Ostatuak beren funtzionamendua aldatzera behartuak dira Iparraldean, baliabide eskasiagatik

Julene Muruaga Hiriart

Aurten bilketetan ez dute aski emaitza ukan eta laguntzaile kopurua apalegia da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.