Martxoaren 8ra begira

Parekidetasunik gabeko enpresak zigortzea sustatu nahi du Madrilek

Espainiako Gobernuak lege aurreproiektu bat onartuko du gaur. Nafarroako enpresen %60k ez dute berdintasun planik martxan

Sanchez larunbateko ekitaldian, Madrilen. BORJA SANCHEZ-TRILLO / EFE.
Isabel Jaurena.
2023ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Enpresa handietako eta eremu publikoko erabakiguneetan emakumeen eta gizonen presentzia parekidea izanen dute hizpide gaur Espainiako Ministroen Kontseiluan. Hala baieztatu zuen Pedro Sanchez gobernuburuak larunbatean. Zehazki, aurreproiektu bat onartuko dute, eta parekidetasuna ez betetzeari lotutako zigorrak ere jasotzea aurreikusten dute.

Lege aurreproiektuaren arabera, emakumeen eta gizonen kopuruak parekidea izan beharko du zenbait alorretako erabakiguneetan. Politikan eta zenbait enpresa pribatutan eragingo du arauak. Ezaugarri hauek betetzen dituzten enpresei aplikatuko zaie, zehazki: 250 langile baino gehiago edukitzea, urtero 50 milioi euroko negozioa izatea, burtsan kotizatzea edo interes publikokoak izatea. Horietan eta alor publikoko enpresa eta entitateetan, zuzendaritzako kideen %40k izan beharko dute emakumezkoak, gutxienez. Kotizatzen duten enpresek ez badute araua betetzen, zigorrak ezartzea aurreikusi dute. Podemosek, baina, ez du ontzat jo araua. Larunbateko ekitaldi batean adierazi zutenez, instituzioetan feministak izatea da parekidetasuna haiendako.

Soilik baietz da baietz legearen erreforma ere hizpide izanen dute gaur Espainiako Kongresuan: tramiterako onartzeaz bozkatuko dute, eta PSOE eta Unidas Podemosen arteko akordiorik ez da espero. Izan ere, sozialistek legean egin nahi dituzten aldaketak ez dituzte begi onez ikusi gobernuko bazkideek. Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak jakinarazi duenez, orotara 721 zigorraldi murriztu dira jada —helegitea jar dakieke— eta 74 gizon atera dituzte espetxetik. Zigorrak aldatzean datza PSOEk proposatutako moldaketa. Hortaz, Berdintasun Ministerioak bilkura bat eskatu dio alderdiari, saioaren aitzinetik akordio bat erdiesteko.

Nafarroako egoera

CCOO sindikatuak atzo salatu zuenez, Nafarroako enpresen %60k «ez dute legea betetzen», ez baitute berdintasun planik. Nabarmendu zuen, gainera, Nafarroan soldata arrakala badagoela: emakumeen sariak «%30 igo beharko lirateke gizonenekin parekatzeko». Hortaz, patronalei eskatu zien «berdintasunaren aldeko konpromisoa» hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.