Porrot egin du EAJk eta PSE-EEk Galdakaon aurkeztutako mozioak

Javi West Larrañaga.
Galdakao
2023ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Apirilaren 11n hasi zen ika-mika, eta oraindik ez da amaitu. Jendez gainezka egon zen atzoko udal batzarra Galdakaon, legegintzaldiko azkena. Aurrekontuari buruzko eztabaida zen puntu nagusietakoa, baina herritar asko eta asko oroimenaren webguneari buruzko mozio biren ingurukoez entzutera joan ziren.

EAJk eta PSE-EEk aurkeztu dute bata sei eta bi zinegotzi dauzkate, eta EH Bilduk, Usansolo Herriak eta Podemos-Equok bestea sei, bi eta bat. «Terrorismoaren eta indarkeria politikoaren bidegabekeriaren aitorpenean» oinarritutako memoria «etiko» eta «demokratikoa» eraikitzeko konpromisoa aldarrikatu dute EAJk eta PSE-EEk euren mozioan, eta eskatu dute Galdakaoko Udalaren oroimen webgunetik «biktimak ez diren pertsonak» ateratzeko, «batez ere terrorismoa erabili dutenak». Xabier Garcia Gaztelu, Xabier Lopez Peña eta Jon Bienzobas etakideak webgunean agertzea «atzerapauso» bat dela adierazi du EAJko Ainhoa Agirregoikoak, datozen hauteskundeetarako alkategaiak. Mozioa ez da aurrera atera.

EH Bilduk, Usansolo Herriak eta Podemos-Equok bestelako proposamen bat ekarri dute mahaira. Euren mozioan «bizikidetza mahai» bat eratzea proposatu eta onartu dute, EAJren eta PSE-EEren aurkako botoekin. EH Bilduko Edurne Espillak argudiatu du nazioarteko estandarren arabera egin duela ikerketa Aranzadi Zientzia Elkarteak, eta horietako batek ere ez dioela «biktimak ezin direla izan biktima biktimario izateagatik».

Kontra egin dio PSE-EEko Victor Trimiñok, maiatzaren 28ko hauteskundeetarako alkategaiak, otsailean ateratako pantaila irudiak froga moduan aurkeztuta: «Webgune hau hain defendagarria bada eta irizpide zientifikoak jarraitu baditu, zergatik egon dira aldaketak otsailetik apirilera? Nazioarteko estandarrak aldatu dira?». Trimiñoren arabera, PSE-EEk salaketa egin eta gero, bilatzailea, interfazea eta webgunearen hasierako oharra aldatu ziren. Adierazi du Aranzadiren webgunea «aberrazio» bat dela ikuspuntu politiko, sozial eta etikotik; eta «txarto egindako lan bat», ikuspuntu akademiko, zientifikotik eta profesionaletik.

«Intentzio batzuk»

Usansolo Herriako Iñaki Urgoitik deitoratu du EAJk eta PSE-EEk Galdakaon bakarrik aurkeztu dutela mozioa, nahiz eta «beste kolore politikoko» herri batzuetan ere antzeko webguneak egon. Haren ustez, «intentzio batzuk» egon dira hedabideek arreta Galdakaon ipini dezaten. «Aranzadiren webguneak bakarrik bilatzen du egia, justizia eta erreparazioa. Denok genekien oso ondo zein zen metodologia eta zelakoa izango zen orria», azpimarratu du.

PSE-EEko Trimiñok gezurtatu egin du «polemika artifiziala» izatea, eta azaldu du Erandion eta Tolosan —EAJk dauka alkatetza— «egun bitan» desaktibatu zirela webguneak. «Elektoralismoa egotzi diguzue, baina bi gutun bidali genizkion alkateari, eta ez zigun erantzun», esan du. Haren berbetan, PSE-EEk hedabideetara jo zuen, udal gobernuak gaiari buruz eztabaidatzeko aukerarik ez dielako eman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.