Pastor
DARWIN ETA GU

Jordi, Gorka, Jorge

2019ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Madrilen jasandako umiliazioak salatu ditu Jordi Alemanyk, ANC Biltzar Nazional Katalaneko idazkaritzako kideak. Alemany joan den larunbateko manifestazioa hasi aurretik atxilotu zuen Poliziak, Gironako epaile baten aginduz. Libre geratu eta gero, polizia-etxean gertatutakoak azaldu ditu: Espainiako himnoa jarri zioten. Eta Jorge deitu, etengabe.

Demokrazia espainolak, bere herriei inoiz eta inon ez bezalako autonomia maila eskaini omen dienak, aukera ematen die segurtasun indarrei herri horietako biztanleen izenei barre egiteko. Ez George edo Giorgio deitzeko, Jorge baizik. Nor da supremazista? Lehen, espainierazkoa ez zen izena jartzea debekatzen zuen legeak. Orain ez, baina Poliziak marrubiaren puntatik ateratzen zaion moduan deituko dizu, nahi izanez gero. Eta zu, isildu, badaezpada ere.

Estatu baten egituraren barruko herriek ez dute alde egiteko gogorik izaten, garatzen eta aurrera joaten uzten bazaie. Estatu horrek haien nortasunak eta ezaugarriak errespetatzen ez dituenean sortzen dira istiluak. Espainian legez. Poliziek eskubidea dute Jordiri Jorge deitzeko. Gorkari ere bai. Arazorik ez. Badakite ez zaiela ezer etorriko bueltan. Nork izan nahi du jokaera hori eragozten edo zigortzen ez duen estatu bateko kidea?

Hala ere, oraindik bada Espainian segitu nahi duenik. Josep Antoni Duran Lleida, esaterako. UDC alderdiko buru ohiak El risc de la veritat —Egiaren arriskua— liburua kaleratu du. Lanari buruzko elkarrizketa batean Visca Catalunya Lliure aldarriaren esanahia azaldu du: «Gauzak esateko askatasuna». Duranek konfederazioa nahi du. Haren ustez, Visca Catalunya Lliure oihuak ez du soilik gogo independentista agertzen. «Espainian geratzea erabakitzeko askatasuna» ere islatzen du.

Duranek PSC-PSOEri eman zion botoa, 155. artikulua ezarri eta gero. CiU historia da orain. PDeCat alderdiko kideak independentziaren aldekoak dira. Horrexek eragin du EAJ haiengandik urruntzea. Puigdemontek kolpea eman ei du alderdian, Espainiako eta Europako hauteskundeetako zerrendak osatuta. Baina bozketa ez da bulgariar erara izan, herrialde hartako alderdi komunistan gertatzen omen zen moduan: boto-emaile baino boto gehiago zenbatzen ziren. Ez. Puigdemonten hautagaien zerrendek %75eko adostasuna jaso dute, ez %110ekoa. Esku bulgariarrik ez botoetan. Bulgaria: jogurta, Varna, bizitza-luzera eta Kozijat RogAhuntz adarra— filma: XVII. mendea. Inbaditzaile turkiarrek Ivanen emaztea bortxatu eta hil dute. Alargunak orduko gizonen borrokaren artean trebatuko du alaba. Neskak ahuntz adar zorroztua erabiliko du, amaren hilketagatik mendeku hartzeko.

Zer dugu gogoan Gora Euskal Herria askatuta esaten dugunean? Duran sindromeak jota daude Gora Euskadi Askatuta diotenak? Zenbateraino? Herri honetan oraindik bada inor, oraingo Espainian konfederazioa osatzeko aukera ikusten duenik? Konfederazio bat, funtzionarioei herritarren ezaugarri pertsonalei eta identitate kolektiboaren ikurrei barre egitea onartzen dien estatuarekin?

Espainia demokrazia handia dela esan du Sanchezek. Eta segitu du: PSOE agintean dagoen bitartean, Katalunia ez da inoiz independentea izango. Demokrazia espainiarra, bai. Bi, hiru edo lau milioi katalanek independentziaren aldeko botoa emango balute ere, ezer ez. Azken hitza Madrilek izango du beti. Jorgek erabakiko du Jordiren etorkizuna. Eta Gorkarena.

1981ean tiro egin zion Joan Paulo II.ari Ali Agca turkiarrak, Vatikano hirian. Berehala atxilotu zuten. Atentatuari buruzko zenbait hipotesi azaldu ziren. Arrasto bulgariarra izenekoa izan zen horietako bat. Horren arabera, Sofiak Eliza katolikoko burua hiltzeko asmoa zuen, Wojtyla poloniarra Europa ekialdeko blokea erortzen laguntzeko tresna zelakoan. Horri buruz galdetu zioten Todor Zhivkov-i, orduko Bulgariako estatuburuari. Alderdi Komunistako buruzagiak zirkinik egin gabe baztertu zuen ideia: «Ez dago bulgariarrik, tiro bat huts egiten duenik eta emakume bat ase gabe uzten duenik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.