Suhiltzaile etxeetako kultura matxista salatu dute Kanbon

Elkarretaratzea egin dute Ipar Euskal Herriko hainbat eragile feministak. Bertako emazte suhiltzaile batek jasan jazarpena salatu dute

Aurelie Albert suhiltzailearen aldeko elkarreratatzea Kanbon. GUILLAUME FAUVEAU.
Garazi Aduriz Zuñeda.
Kanbo
2023ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herriko hainbat eragile feministak elkarretaratzea antolatu zuten atzo Kanbon (Lapurdi): Aurelie Albert Kanboko suhiltzaile boluntarioaren egoera ardatz hartuta, «suhiltzaile etxeetan dagoen kultura matxista» salatu zuten Bagera, Bizi-ko Ekofeministak, Emazteek Diote, Planning Familial, Nous Toutes Euskal Herria, Zutik eta Itaia kolektiboek. Kanboko emakumezko suhiltzailearen kasuan, «biktima kanporatu izana» eta «jazarlea babestu izana» arbuiatu zuten.

Izan ere, martxoaren 8an Alberti ez zioten kontratua berritu, haren aurkako zigor batzuk argudio hartuta. Kanboko suhiltzaile etxeko buruak jarri zizkion zigorrak. Alta, gizon horren aurkako salaketa ezarria du emazteak, jazarpen morala leporatuta; eta ez da bakarra, beste bi suhiltzailek ere jarri baitzioten salaketa bera buruari. Elkarretaratzearekin batera, Albertek gose greba abiatu zuen. SDIS Pirinio Atlantikoetako Sute eta Sorospen Zerbitzuaren kontseilu administratiboko ordezkari batekin hitz egin arte egingo du baraualdia.

Hain zuzen, Albertek hautetsiei deiadar egin zien, ez baita lehen aldia Pirinio Atlantikoetako SDISen jazarpen moraleko egoerak salatzen direla. Annie Poveda Pirinio Atlantikoetako kontseilari eta SDISen administrazio kontseiluko ordezkariak adierazi du Alberten egoerari arreta eskainiko diola, eta harekin hitz egiteko borondatea agertu du.

Francisco Sanchez abokatuak azaldu du bi prozedura ireki dituztela: «Batetik, Baionako prokuradoreari jazarpen moraleko salaketa bidali diogu; bestetik, boluntario kontratua ez berritzearen legezkotasuna eztabaidagai jarri dugu auzibide administratiboan». Urtarrilean aurreikerketa bat abiatu zuen Baionako fiskalak, tenienteak dituen hiru salaketekin lotuta. Halere, hobengabetasun presuntzioa duenez, gizona oraingoz lanean dago. Are, graduz igoko dute, eta martxoaren 30ean Angeluko prebentzio eta aurreikuspen zerbitzuko zuzendaritzara lekualdatuko dute. Alberten ustez, aldaketa susmagarria da: «Ematen du kapitain egin dutela lekualdatu ahal izateko, han ezkutatzeko eta harrabotsak isilarazteko».

Albertek kontatu du sarri iraintzen zuela tenienteak, eta tartean bazirela iruzkin homofoboak ere. Izan ere, lesbiana da salatzailea. «LGTB emaztea da, gizonak nagusi diren gune batean; auzibide administratiboan eztabaida hau eman behar dute, borroka honen duintasunerako», azpimarratu du Sanchezek. Maddi Sarasua Itaiako kideak erantsi du ez dela gertakari bakana: «Sistemak berak erreproduzitzen du zaurgarrienganako zapalkuntza. Albertek ausardiaz jokatu du; antolakunde feministon lana da babesa erakustea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.