Koronabirusa

EBZren diruak zor publikoaren merkatuak lasaitu ditu

750.000 milioi euroren zorra erosiko du, euroguneko kideak merke finantza daitezen. EBZren programak arrisku sari asko ditu

ARMANDO BABANI / EFE.
Irune Lasa - Iker Aranburu
2020ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Diru gehiagorekin eta hitz arranditsuagoekin etorri da oraingoan Europako Banku Zentrala. «Berebiziko egoerek berebiziko ekintzak behar dituzte. Ez dago mugarik euroarekiko gure konpromisoarentzat. Erabakita gaude gure tresnen ahalmen guztia erabiltzeko gure agintaldian zehar». Christine Lagarde EBZko lehendakariak txio horrekin aurkeztu zuen banku zentralak asteazken gauerdian erabakitakoa: EBZk zorra erosteko 750.000 milioi euroren programa abiatuko du. Oxigenoa jada iritsi da zor publikoaren merkatuetara, azken egunotan gora egindako arrisku sariek jaitsiera nabarmena izan dutelako. Italiarenak, esaterako, 65 puntu galdu zituen atzo, eta 42 Espainiarenak.

Izan ere, zor saldoa erosteko prest azalduta, EBZk eragotzi nahi du zor subiranoen interes tasen igoera, estatuek diru merkea izan dezaten ordaintzeko agindu duten gastu gehigarria osasun sistemaren alde, lana galduko dutenen alde, eta kinka txarrean dauden enpresen alde.

EBZren azken mugimenduaren helburua da azken-aurreko mugimendua zuzentzea. Banku zentraleko kontseilua hilaren 12ko bileraren ondoren iragarritako neurriak —120.000 milioi euro handitzea zorra erosteko programa, eta bankuei nahi beste likidezia bermatzea— halako shock ekonomiko bati erantzuteko apalegiak zirela ondorioztatu zuten merkatuek. Are gehiago, Lagardek huts nabarmen bat egin zuen, esan baitzuen EBZren helburua ez zela arrisku sariak txikitzea.

Komentario horrekin, inbertsore askok ulertu zuten EBZ bakarrik utziko zuela Italia. Herrialde hark zor publiko erraldoia duenez —BPGaren %133, 2,15 bilioi euro—, eta hura denez koronabirusaren krisiak gogorren jo duena, bere burua finantzatzeko arazoak izan zitzakeela interpreta zitekeen. Ondorioz, Italiaren arrisku saria 194tik 260ra igo zen. Hau da, egun bakarrean puntu erditik gora garestitu zitzaiola finantzatzea, milaka milioi euro batzuk egoera luzatuz gero.

Espainia eta Grezia

Koronabirusaren krisiaren bigarren foku nagusia Espainian dago, eta hura ere hasi zen arazoak izaten: arrisku saria 98tik 148ra igo zen egun gutxian. Finantza ahulak ditu Espainiak: hainbat urtez %3 inguruko hazkunde sendoa izan arren, ez du lortu defizita erabat kontrolpean izatea, eta zorra ozta-ozta jaisten da %100etik.

Hirugarren katebegi ahula Grezia da, arrisku saria 229 puntutik 403ra igo baitzen egun gutxian. Edonola ere, kasu berezia da Grezia, haren zorraren zatirik handiena ESM Europako erreskate funtsarekin duelako, eta ez delako sartu EBZren zorraren erosketa programan, ez zuelako berme nahikorik. Baina muga hori eta beste batzuk alde batera uzteko aukera iradoki du EBZk: «Prest gaude gure programak moldatzeko». EBZko belatzak,

Esaldi horrek babes dezake zorraren proportzionaltasunean aldaketak egitea. Orain arte, Grezia ez beste estatu guztien zorra proportzionalki erosi du —gehienez, %30—, ez dezaten akusatu herrialde bat beste bat baino gehiago laguntzeaz. Orain baina, ezin diote leporatu hegoaldeko herrialdeen politika okerrak estaltzen ari dela, krisiak eurogune osoari eragiten diolako.

EBZren programa berriak, PEPP Pandemiaren Larrialdiko Erosketa Programa izenekoa, badu beste berritasun bat: enpresen zorra ere erosiko du EBZk, kobratze eskubideek estalitako enpresen epe motzerako zorra. Eurogunean zor korporatibo horrek 40.000 milioi euro hartzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.