Bideratuta ikusi du «amets amerikarra»

Trumpek hitzaldi guztiz triunfalista egin du AEBetako Batasunaren Egoera aztertzeko agerraldian. Guantanamoko espetxea irekita mantenduko duela erran du

mikel rodriguez
2018ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
«Ez da inoiz egon une hoberik amets amerikarra bizitzen hasteko». Donald Trump AEBetako presidenteak hitzaldi guztiz triunfalista egin du Kongresuan, presidenteek Batasunaren Egoerari buruz solas egiteko urtero egin behar duten agerraldian. Urtebete pasatxo bete du presidentetzan, eta bere agintaldiak «aro berri amerikarra» hasi duela aldarrikatu zuen herenegun arratsean egin zuen ordubete eta hogei minutuko hitzaldian. Saiatu zen haren politikek eta jarrerakAEBetako politikan sortu duten liskar eta tentsio giroa baretzen, demokratei elkarlanerako deia eginda, baina orain arte defendatu dituen ildo nagusiei eutsi zien—migrazio politika murriztailearen defentsari, batik bat—, eta bertzeren bat ere gehitu zuen eztabaidara; Guantanamoko espetxea irekita mantentzeko asmoa, errate baterako. Atzerri politikan errandakoei buruz, berriz, Txinak eta Errusiak haserre erantzun dute, Trumpek AEBen mehatxu nagusitzat hartu dituelako.

«Bada garaia immigrazio arau zaharkitu horiek berritzeko, eta gure immigrazio sistema XXI. mendera ekartzeko», adierazi du Trumpek. Alderdi Demokratarekin oraintxe bertan duen eztabaida gairik premiazkoena da immigrazioarena. Hilaren 8an bukatzekoa da amildegi fiskalaren ondorioz ezarritako aurrekontu publikoaren luzapena, eta epe horren aitzinetik immigrazio arloan akordio bat lortzeko nahia agertu zuten Alderdi Errepublikanoak eta Alderdi Demokratak. Errepublikanoen proposamena da paperik gabeko 1,8 milioi etorkinen egoera legeztatzea, immigranteen aurkako neurriak erabat gogortzearen truke.

Neurri horien artean dago Kongresuak aurrekontu bat onartzea Mexikoko mugan harresi bat eraikitzeko. «Kriminalek eta terroristek baliatzen dituzten hutsuneak itxiko ditu». Trumpek immigrazioa eta delinkuentzia lotu ditu hitzaldian, immigrazioa eragozteko neurriek «drogak eta gaizkile taldeak» AEBetatik urrutiratuko dituztela erranda.

Gainera, George W. Bushen agintaldiko (2000-2008) oinordekotza bat berriz pizteko prest dago Trump. «Terroristak ez dira kriminal hutsak. Legez kanpoko borrokalari etsaiak dira. Eta atzerrian atzeman ondoren, terroristek merezi duten bezala tratatu beharko lirateke». Horregatik, berriz ere hasi nahi du atzerrian atxilotutako «borrokalari etsaiak» AEBek Kubako Guantanamo base militarrean duten espetxera bidaltzen. Barack Obamak agintaldiaren hasieran zin egin zuen espetxea itxiko zuela, baina promesa bete gabe utzi zuen boterea iaz. Gehienez 800 preso eduki dituzte Guantanamon, eta, gaur egun, 41 dituzte.

Datu ekonomikoei dagokienez, langabezia tasaren jaitsieran topatu du urtebete baino gehiagoko kudeaketaren defentsarik onena —azken hamazazpi urteotako tasarik txikiena dute AEBetan—, eta egin dizkioten arrazakeria akusazioei erantzuteko ere erabili du. «Afro-amerikarren langabezia tasa inoiz bildu den txikiena da».

Errepublikanoek txalo jo diote presidenteari, eta ez dute irudikatu barne ezinegonik. Demokratek, ordea, ez dute bertuterik ikusi hitzaldian. «Harroputzek ukabilkada bat eman dezakete. Arrasto bat utz dezakete. Baina Estatu Batuen historian inoiz ez dute lortu bere defentsan eta etorkizunean batuta dagoen herria azpiratzea», erantzun dio Joe Kennedy kongresuko kideak.

Atzerrian ere haserrea sortu dute Trumpen solasek. Errusia eta Txina «arerio» izendatu ditu, eta mehatxuen zerrendan sartu ditu, «erregimen harroputzen» eta «talde terroristen» ondoan. «Espero dugu AEBek alde batera uztea Gerra Hotzeko pentsaera zaharkitua», adierazi du Txinako Atzerri Ministerioko ordezkari Hua Chunyingek. «Zoritxarrez, aurreikusteko zailak diren jarrerak dituen bazkide bat dugu aitzinean», erran du, berriz, Dmitri Peskov Kremlineko eledunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.