Koronabirusa

Tubacexek lanaldia murriztuko die Amurrio eta Laudioko 600 langileei

Sei hilabeterako erregulazio txostena aurkeztu du, eta ekoizpenaren %40ari eutsiko dio gutxienez

Tubacex enpresak Amurrion (Araba) duen lantegia, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Tubacexek aldi baterako enplegu erregulazio bat aurkeztu du, eta, onartzen badiote, lanaldia murriztuko die Laudioko eta Amurrioko (Araba) fabriketan ari diren seiehun langileei. Sei hilabeterako aurkeztu du, eta ekoizpenaren %40ari eutsiko dio gutxienez. Ez da akordiorik izan enpresako zuzendaritzaren eta langile batzordearen arteko bileretan, eta, ondorioz, langileek ez dute diru sari gehigarririk jasoko.

Herenegun izan zen batzordearen eta zuzendaritzaren arteko azken negoziazioa, eta enpresak atzo goizean eman zuen erabakiaren berri. Ekoizpen eta antolaketa arrazoiengatik eskatu dute erregulazioa; zuzendaritzaren hitzetan, «merkatuak» behartu ditu. Agiriak astebeteko epea du lan ikuskaritzan entregatzeko, eta hari dagokio azken hitza.

Langile guztiei eragingo die, baina lantalde osoak jarraituko du lanean. Lantokira doazen langileak jardunaldi osoz ariko dira; hau da, lanaldiaren murrizketa egunka eta txandaka banatuko da. Kasu horretan, eta soldata murrizketa arintzeko, enpresak ordainsariak eskain ditzake, baina Tubacexeko langileek ez dituzte jasoko. Langile batzordeak eta enpresak elkarri egozten diote errua. Ia bi asteko negoziazioak izan dira, eta, batzordeko iturrien arabera, enpresak hiru eskaintzari egin die uko.

Enpresak «ardura falta» leporatu dio langile batzordeari, eta penatuta agertu da akordiorik ez dagoelako: «Behin-behineko eta ezinbestean hartu beharreko erabaki bat da, COVID-19aren izurritearen testuinguruan harturikoa. Krisi ekonomiko larria eragin du, eta enpresak zituen hainbat eskaera bertan behera gelditu dira». Enpresaren datuen arabera, prest zegoen langileen soldataren %82 ere osatzeko.

Erabakiak ez du batzordea harritu, bai ordea enpresaren jarrera «gogorrak». Sindikatuek —ELA, STAT, CCOO, LAB eta independenteak—, aldiz, mahai gainean «ia-ia ezer ez» jarri izana egotzi diote, eta akordioa lortzeko interesik ez jarri izana. «Negoziazio epea tramite hutsa izan da, eta enpresak ez zuen gure hirugarren eskaintza entzun ere nahi izan». Batzordearen arabera, soldata %10 eta %30 artean jaistea eskatu diete langileei.

Batzordeak, era berean, «osasun krisia» baliatzea aurpegiratu dio enpresari «negozioa egiteko langileen eta gizartearen kontura». Sindikatuen datuen arabera, Tubacexek hamabost milioi euro irabazi zituen iaz, eta «hainbat milioitako» diru sariak banatu ditu zuzendaritzako kideen artean. Iturri beren arabera, administrazio kontseiluak ia bost milioi euro jaso zituen 2019an. Enpresak, aldiz, nabarmendu du zuzendaritzako eta administrazio batzordeko kideek «%30erainoko» soldata jaitsiera onartu dutela orain.

Astebete barrukoa, onartzen badute, ez da izango enpresak azken asteetan izan zuen etenaldi bakarra,COVID-19aren krisia oso gorabeheratsua izan baita Laudioko eta Amurrioko fabriketan. Lehenbizi, martxoaren 17an, langileek jarduna bertan behera utzi zuten, elkar kutsatzeko arriskua zegoela argudiatuz. Astebetez geldirik egon ondoren, 23an berriz ere ekin zioten ekoizpenari, lan ikuskaritzak ez zuelako onartu sindikatuen salaketa. Sei eguneko lanaldiaren ondoren, 30ean, berriz ere gelditu ziren, Espainiako Gobernuaren dekretuaren aginduz. Enpresak, baina, dekretuari jarritako salbuespen arrazoietako bat baliatu zuen apirilaren 2an jarduna abiatzeko, eta orain, hiru aste geroago, erregulazioa eskatu du,

Tubacexek altzairuzko hodiak egiten ditu, erregaiak eta gasa garraiatzeko bereziki. Sektore horretan aritzen daTubacexen auzo bat ere, Tubos Reunidos. Martxoan aldi baterako erregulazioa eskatu zuen Tubos Reunidosek, eta hartaz geroztik langile gutxi batzuk baino ez dira joaten Amurrioko eta Trapagarango (Bizkaia) plantetara. Sindikatuek azaldu dutenez, baliteke maiatzean apurka ekoizpena handitzen hastea. Egoera ekonomiko zailean dago enpresa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.