«'Indargabetu' da indargabetzea», hala gogoraraziko die LABek alderdiei

Gutunez eskatuko die «beren botoak langileen zerbitzura jartzeko», bai eta EH Bilduri ere

LABeko idazkari nagui Garbiñe Aranburu, kamera baten pantailan, atzo, Bilbon. LAB.
xabier martin
2021eko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Greba orokorraren aukerak bizirik jarraitzen du Hego Euskal Herrian, eta lan erreforman eta pentsioen erreforman Madrilen erabakiak hartzen dituzten heinean gauzatuko da deialdi jakin bat, seguruenera. LABek alderdi politikoei erreparatu die, «beren botoak euskal langileen zerbitzura» jar ditzatela eskatzeko, baita EH Bilduri ere. Aspaldian ari da ELA jardun horretan, eta ematen du gehiengo sindikalaren bi hanka nagusiak konpasatuago hasi direla pausoak ematen.

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk berretsi du sindikatuak lanean jarraitzen duela «mobilizazio ziklo berri bat» martxan jartzeko, eta ziklo horren barruan greba orokorra ere badagoela. LAB adi aztertzen ari da laster Madrilen hartuko dituzten «erabaki garrantzitsuak», baina, horri aurre egiteko, Euskal Herriak «bere bide orria» landu behar duela azpimarratu du. Lan erreformak eta pentsioen erreforma erabakitzen ari diren honetan, «begirada Madrilen jarrita, bai, baina Madrilen posible ez den hori Euskal Herrian egiazko bihurtzeko helburuz» jardun behar dute euskal sindikatuek, haren ustez.

Horregatik, CEN eta Confebask patronalen egoitzen aurrean manifestatzara deitu du LABek, azaroaren 17rako, «orain delako garaia», eta euskal gehiengo sindikalak «ezin duelako denbora gehiago galdu» kalera atera gabe. «Urrats berriak egin behar dira, eta determinazioarekin jokatu», esan du Aranburuk. LABeko gidariak uste du «urte askoan erreformaz erreforma martxan jarri duten egitura osoa desegiteko garaia» dela; lan harremanak eta pentsioen sistema berreskuratzeko unea dela, «langileek lana izan dezaten, eta pentsiodunek, pentsioa», biak ala biak «duinak».

Hitzekin jolastea

Madrilen «zabalik dauden eztabaidetan eragiteko» aukera badagoela esplikatu du LABeko idazkari nagusiak. Onartu du euskal gehiengo sindikalak ez duela ordezkaritzarik hango negoziazio mahaietan, eta, horregatik, eskutitzak igorriko dizkie LABek Espainiako Gobernuko bi alderdiei, PSOEri eta Unidas Podemosi. «Lan erreforma indargabetzeko promesa betetzeko» exijituko die: «Indargabetu da indargabetzea, eta ez dugu onartuko hitzekin jolasean aritzea».

Gobernuko bazkideei «pentsio duinak bermatzeko» eskatuko die, halaber, eta gutxieneko soldata igotzeko, besteak beste. «Indargabetzea eta patronalarekin adostea ez datoz bat», esan du LABeko buruak; «ez dago itsasgarririk horiek lotzeko, patronalari betoa ematea litzatekeelako hori».

Dena den, LABek ez die idatziko soilik Madrilgo gobernuko alderdiei; EAJri ere gutun bat bidaliko dio, azaltzeko «euskal langileek ez dutela behar AHTa, lan baldintza eta bizitza duinak baizik». EH Bilduri ere igorriko dio eskutitz bat, eta eskatuko dio Madrilgo gobernuarekin lan erreforma indargabetzeko egin duen akordioa defendatzeko. «Hau da, eskatzen dieguna da beren botoak jar ditzatela Euskal Herriko langileen zerbitzura, erreformak indargabetu daitezen, eta murrizketa gehiago galarazteko», azaldu du Aranburuk.

LABeko buruak defendatu du sindikatuek alderdi politikoei erreparatu behar dietela; «akatsa» litzatekeela haien erabakien zain geratzea. «Akats bat da elkarrizketa sozialetik aterako den emaitzaren esperoan gelditzea, patronalak beto eskubidea duelako, eta estatuko sindikatuek ez dutelako gaitasuna gizarte mailan estu hartzeko gobernua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.