Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Gure aurretik egon diren bizitzengatik

2022ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Atzo sareratu zuen Sofiane Pamart pianista frantsesak Love abestia: ederraren eta kitscharen artean, nostalgiaren eta desiraren artean, arbelezko teilatu elurtuen eta udaberrikoen artean, Venezia, Paris, Portbou, Kubako hondartza bat. Nahi duzuna, behar duzuna, ikus dezakezu hor.

Abenduaren 16an Lea Salamek elkarrizketa egin zion France Interreko prime timean, Bercy (20.000 lagun) beteko zuen kontzertuaren bezperan, aurrenekoz musika klasikoak halako betekada sortzen zuela Accor Arenan. Betetzen ditu estadioak, eta jaso zuen Lilleko Kontserbatorioko urrezko domina. Langile klaseko auzo batetik dator, eta bere bidearen aurreneko pausoa izan zen bere ama jabetu zela Ennio Morriconeren melodia baten lehen notak zirrimarratzen ari zela jostailuzko hamabi teklako tresnatxo batean. Hamazazpi urte egingo zituen hainbesterako iruditu ez zitzaion kontserbatorioko diziplinaren pean, eta horri esker heldu zen goraino.

Pamarten aitona Marokotik Frantzia iparraldera iritsitako meatzari bat izan zen. Pamarten ama izango zen irakurri eta idazten jakiten aurrenekoa familian; letren irakasle izan zen, eta beti esaten zien Sofianeri eta bere anai-arrebei: «hemen zaudete sakrifizioak egin ditugulako». Salamek Pamarti galdetu zion ea zordun sentitzen ote zen bere gurasoek eta aitona-amonek egin zutenarekin. Pamartek erantzun: «Guretzat, familian, benetan garrantzitsua da egiten dugun guztian aurreko belaunaldiek egin duten sakrifizioa ikustea. Ni gaur musikaz bizi banaiteke da nire aitonak bere bizitza meategietan eman zuelako eta nire amak izugarrizko ahaleginak egin behar izan zituelako. Uste dut hortaz gogoratzea oso garrantzitsua dela, eta geure buruari esan behar diogula geuk lortzen duguna ez dela bakarrik guk bizi izan dugunarengatik, baizik eta gure aurretik egon diren bizitzengatik».

Urtea hasteko harmoniak daude Love-n, ala Rosa Luxemburgen maxima horretan: «Honekin guztiarekin bukatuko dugu, eta ez zaigu inoiz ahaztuko gauza eder txikienarekin eta onenarekin ahalik eta gehien gozatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.