Muturreko bero boladak suteak piztu ditu Europako hegoaldean

Ehunka lagunek beren etxeak utzi behar izan dituzte. Turkian hainbat lagun hil dituzte suteek

Suhiltzaileak helikopteroan, Atenasko Varibombi auzoan piztutako sua itzaltzen saiatzen, herenegun. ORESTIS PANAGIOTOU / EFE.
maddi iztueta olano
2021eko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Europa hegoaldean azken hamarkadako bero olderik larriena jasaten ari dira joan den astetik. Bulgarian, Turkian eta Grezian 40 gradutik gorako tenperatura neurtu dute azken egunotan, eta 45 graduen langa ere igaro zuten Grezian. Muturreko bero boladak dozenaka sute eragin zituen herrialde horietan, eta ehunka lagunek, beren etxeak utzi, eta beste nonbaitera jo behar izan zuten babes bila.

Turkia izan zen bero oldearen kalteak pairatzen lehena. Joan den asteazkenean piztu zen lehen sutea, eta, geroztik, milaka hektarea baso eta hainbat herri erre dira. Sute gehienak hegoaldeko eremu turistikoetan eta mendebaldean piztu ziren; beraz, turista askok ere itzulerako bidea hartu behar izan zuten. Gutxienez, zortzi lagun hil dira suteetan, eta 400dik gora zauritu, eta suhiltzaileak sua itzaltzeko lanean jarraitzen dute.

Bero boladak Turkian lehen suak piztu eta gutxira, Grezian ere kolore gorria nagusitu da. Azken egunotan, 1987tik izan diren tenperaturarik handienak izan dituzte: 45,5 gradu, batez beste. Herenegun piztu ziren lehen suteak, Atenas iparraldeko Varibombi eta Adames auzoetan. Dozenaka etxe erre dira dagoeneko, eta, ke eta sugar artean, ehunka pertsonak beren etxeetatik alde egin behar izan dute. Atenas inguruko auzoetan ez ezik, udako garai honetan turistez lepo egon ohi diren uharteetan ere zabaldu da sua: Eubean, Peloponeso penintsulan eta Kos eta Rodas uharteetan.

Muturreko eguraldiak eragindako suteak hornidurarako ezinbestekoak diren ponpak hondatu dituzte, eta, ondorioz, Atenas iparraldeko hainbat auzo urik gabe gelditu ziren atzo. Halaber, bero boladaren ondorioz, argindar mozketak egon dira azken egunotan. Zeru gorria atzean utzi nahian, herritar askok itsasora jo dute babes bila, ketik eta sugarretatik ihesean; beste askok etxean gelditzea erabaki dute, leihoak ondo itxita. Ia guztiek, ordea, suari aurre egiteko baliabide falta salatu dute, eta hedabideek arreta urri jarri dutela auzian.

Nikos Jardalias Babes Zibileko ministrordeak esan zuenez, atzo piztuta zeuden lau fokuetatik hiru itzaltzea lortu zuten. Lanean aritu diren 500dik gora suhiltzaileren jarduna goraipatu zuen,baina ohartarazi zuen egoera oraindik larria dela Eubea uhartean. Antza, pinudiak, basoak eta etxebizitzak nahasten diren eremuetan piztu zen sutea, eta horrek asko zaildu ditu lanak. Gainera, Atenasen aire bidezko kontrola hasieratik egin ahal izan zuten, baina Eubea uhartera sartzeko oztopo handiak izan zituzten; hegazkinak eta helikopteroak ezin izan ziren atzo goizera arte bertara sartu, keak suaren gainetik hegan egitea galarazten zielako.

Adituen oharra

Vassilis Kikilias Osasun ministroak adierazi zuenez, atzo 77 pertsona eraman behar izan zituzten ospitalera, arnasteko arazoengatikedo bero kolpeak jota. Hala ere, Kyriakos Mitsotakis Greziako lehen ministroak nabarmendu zuen ez dagoela hildakorik, eta ebakuazio sistemak «modu eredugarrian» funtzionatu duela.

Greziako agintariek hoteleko logelak eskaini zizkieten beren etxeak utzi behar izan zituzten bizilagunei, eta Babes Zibilak Atenasko kaleetara ez irteteko eskatu zien herritarrei. Kalteak saihesteko, agintariek garrantzi turistiko handiko tokiak itxi edo horiek bisitatzeko orduak murriztu dituzte, besteak beste, Akropolisa.

Metereologoen arabera, suteek ez lukete inor sorpresaz hartu beharko. Adituek aurreko astean ohartarazi zuten bazegoela halako tamainako suteen arriskua, 40 gradutik gora neurtu baitziren. Gainera, baliteke amesgaiztoak luze irautea; izan ere, agintariek ohartarazi zuten behin bero oldea amaitutakoan ere arriskua handia izango dela herrialdeak jasaten duen lehortearen ondorioz.

Greziako eta Turkiako herritarrak bizi diren egoera larria gutxi balitz bezala, beste hainbat herrialde ere arriskuan daude, esaterako, Bulgaria. Hango mapa kolore gorriz margotu zuten igandean, 40 graduen langa gainditu baitzen, eta lehen sutea piztu, Haskovo basotik gertu. Sutea kontrolatzea lortu zuten, baina lehortearengatik berriz zabaldu daitekeela ohartarazi zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.