Etiopiako Amhara eskualdeko Lalibela hiria bereganatu du TPLFk

Addis Abebaren eta talde subiranistaren arteko gatazka Tigraytik haratago zabaldu da

Lalibelako elizetako bat, artxiboko irudi batean. STEPHANIE LECOCQ / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
TPLF Tigray Askatzeko Herri Fronteak Amhara eskualdeko Lalibela hiriaren kontrola hartu du. Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak gizateriaren ondare izendatutako eremua da hura. Konkista mugimendu subiranistaren, eta Addis Abebaren eta bere aliatuen arteko gatazka zabaldu izanaren adibide bat gehiago da.

Hiria hartzeko prozesua «indarkeria erabili gabe» egin du FDT Tigrayko Defentsa Indarrak, TPLFren adar armatuak, eremuan ez baitzegoen Amharako Gobernu Federalaren segurtasun indarrik. Autoritate horien arabera, handik hurbil gertatutako borroka bat galdu ostean iritsi ziren TPLFko kideak hirira. «TPLFrekin amaituko dugu, eta Lalibelan lurperatuko ditugu. Ez dute ihes egiteko modurik», gehitu dute haiek.

Bien bitartean, bizilagunak ihes egiten ari dira, Mandefro Tadesse alkateordeak BBC kateari adierazi dionez. Hura kezkatuta agertu da hiriko elizek izan ditzaketen kalteengatik ere. XIII. mendean harrietan hondeatuta sortuak, sakratuak dira herrialdeko kristau ortodoxoentzat, eta gizateriaren ondarea Unescorentzat. «Altxor hau zaintzea bermatu behar da», adierazi du alkateordeak. Gauza bera egin du AEBetako Estatu Departamentuko eledun Ned Pricek ere. Tigray Askatzeko Herri Fronteari eskatu dio «ondarea zaintzeko»; eta bi aldeei, «indarkeriari amaiera eman eta su-eten adostu baterako elkarrizketak hasteko».

Amharako indar armatuek, Afarkoek bezala, Etiopiako Gobernuarekin bat egin zutenTPLFren aurkako borrokan, eta, esku hartze horren eraginez, bi aldeen arteko liskarrak eskualde horietara ere zabaldu dira. Izan ere, Addis Abebak ekainaren 28an aldebakarreko su-etena iragarri zuen arren, Amharako indar armatuek uko egin zioten gatazka eremuak uzteari. Haiek Tigray mendebaldeko guda frontean mantendu ziren, propiotzat aldarrikatzen duten eremuan. Hori, ordea, ez da nahikoa izan TPLF geldiarazteko, eta talde subiranistak indar hartu du han eta eskualdearen hegoaldean. Are gehiago, Amhara iparraldean sartzea ere lortu du, Tigrayrekin muga egiten duen eremuan. Han, Etiopiako Gobernuaren beste oldarraldi bat espero da, hainbat hedabideren arabera.

Etiopiako Gobernuaren eta TPLFren arteko gerra iazko azaroaren 4an hasi zen. Abiy Ahmed lehen ministroak agindu zuen Etiopiako armadaren oldarraldia, milizia Mekele Tigrayko hiriburuko base militarrari erasotzeaz akusatu ostean. Addis Abebak gerra irabazitzat joa zuen hilabete haren amaierarako, baina ez zen halakorik gertatu. Mekele soilik ez, Adwa, Xire, Axum eta Adigrat hiriak ere bereganatu zituen TPLFk hilabete gutxian, eta «aldebakarreko su-eten humanitario bat» ezartzera behartu zuen gobernua.

Talde subiranistak ez zuen su-eten hura onartu, baina «trantsiziorako prozesu politiko inklusibo bat» hastearen alde agertu zen aurreko astean, «legitimotasuna galdu duen gobernua» aldatzeko asmoz. Su-eten bat negoziatzeko, berriz, ezinbestekotzat jo zuen korridore humanitarioen irekiera. Izan ere, NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, Tigrayko herritarren %90 inguruk giza laguntzaren beharra dute, eta ehun mila haurrek baino gehiagok arriskua dute datozen hilabeteetan malnutrizioa sufritzeko. Gainera, borroketan milaka herritar hil dira, eta bi milioi baino gehiago desplazatu behar izan dira; 75.000k Sudanera egin dute ihes.

Salaketa gogorrak

Nazioarteko hainbat erakundek Etiopiako eta Eritreako armaden gain —Addis Abebari laguntzen ari da— jarri dute fokua, eta «gerra krimenak» egiteaz akusatu dituzte; besteak beste, gatazka hasi zenetik, 1.600 bortxaketa baino gehiago salatu dituzte. Etiopiako Gobernuak, ordea, TPLFren gain jarri du egungo egoeraren ardura, eta nazioarteko komunitatearen jarrera kritikatu du, talde subiranistaren «propaganda» sinistu dutelakoan. Horrez gain, gobernuak «informazio faltsua» zabaltzeaz akusatu ditu Mugarik Gabeko Medikuak —Herbehereetako sekzioa— eta NRC Errefuxiatuen Norvegiako Kontseilua erakundea, eta hiru hilabetez galaraziko diete euren jarduna burutzea. Lehenak exekuzio estrajudizialak salatu zituen; bigarrenak, berriz, giza laguntza blokeatu izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.