Koronabirusa munduan

COP26 ere jo du birusak

Erresuma Batuak eta NBEk klima aldaketari buruzko goi bilera atzeratzea erabaki dute COVID-19aren pandemiak eragindako egoeragatik

Extinction Rebellion taldeko ekintzaile bat, Erresuma Batuko Parlamentuaren aurrean protesta bat egiten. W. OLIVER / EFE.
inaki petxarroman
2020ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Klima aldaketaren aurkako ekitaldirik garrantzitsuena, Nazio Batuen Erakundeko klima aldaketari buruzko aldeen 26. konferentzia (COP26), bertan behera utzi dute Erresuma Batuko eta Italiako gobernuek eta Klima Aldaketari Buruzko NBEren Esparru Konbentzioak (UNFCCC), koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz. Bilera azaroan egitekoa zen Glasgown (Eskozia), eta aditu guztiek garrantzi handia aitortua zioten, besteak beste Parisko Ituna martxan jartzeko azken urratsa zelako.

Herrialdeek Parisen euren buruari ezarritako klima konpromisoak handitu egin behar zituzten aurten, Glasgowko goi bilera egin baino lehen. Izan ere, adituek adierazi dute herrialdeek Parisen hartutako konpromisoekinmunduaren berotze globala 2,7 gradu ingurukoa izango litzatekeela mendearen amaierarako. COP26 biltzarra atzeratu dute, baina ez dute data berririk eman.

Esate baterako, Europako Batasunak eta Txinak irailean bilera garrantzitsu bat egin behar zuten horri begira, baina hori ere kolokan zegoela iritsi da Erresuma Batuko Gobernuaren oharra: «COVID-19a eragiten ari den ondorioei erreparatuta, ez da posible 2020ko azaroan COP26 handinahi eta barneratzaile bat egitea».

Aste honetan bertan Eskoziako Gobernuak jakinarazi du COP26 goi bilera egitekoa zen eraikina (SEC Arena) koronabirusari aurre egiteko behin-behineko ospitale bihurtu dutela. Besteak beste, Glasgowko goi bilera prestatzeko agendan zeuden beste konferentzia batzuk ere atzeratuko dituzte. Horietako nagusia Bonnen (Alemania) egitekoa zen ekainean, eta urrira atzeratu dute orain. «Munduak inoiz izan gabeko erronka bati aurre egin behar dio orain, eta herrialdeak horretan ari dira ahalegin betean, bizitzak salbatuz eta COVID-19aren aurka borroka eginez. Horregatik erabaki dugu COP26 berriz programatzea», adierazi du Alok Sharma goi bilerako presidente eta Erresuma Batuko Gobernuko Negozio, Energia eta Industria Estrategiako Estatu idazkariak.

Laurence Tubiana Parisko Itunaren egile eta Klimarako Europako Fundazioko zuzendariak dei egin die herrialdeei denbora hau aprobetxa dezaten «trantsizio eta susperraldi planak» egiteko, «klima, bioaniztasuna, garapena eta justizia soziala» aintzat hartuta «modu integratu batean». Tubianaren iritziz, birusaren aurkako borrokak lehentasuna izan behar du orain, eta ezinbesteko tresnatzat jo ditu «nazioarteko elkartasuna eta elkarlana».

Klima Aldaketarako NBEren idazkari exekutibo Patricia Espinosak ere aitortu du koronabirusa dela orain munduaren mehatxurik premiazkoena, baina ohartarazi du «epe luzera» klima aldaketa dela munduaren «mehatxurik handiena»: «Laster, ekonomien susperraldiari berrekingo diote gobernuek. Hori aukera bat izango da, herrialdeak hobeto susper daitezen, plangintza horietan sektorerik zaurgarrienak aintzat hartuz, eta XXI. mendeko ekonomiari itxura emateko, garbia, berdea, osasungarria, bidezkoa, segurua eta erresistenteagoa izan dadin». Herrialdeei dei egin die Parisen markatutako bidetik jarraitzeko, «klima ekintzaren anbizioa» bultzatuz.

Glasgowkoa ez da bertan behera utzitako goi bilera bakarra. Pekinen irailean egitekoa zen bioaniztasunari buruzko goi bilera ere (COP15) bertan behera geratu da. Iaz IPBES NBEko adituen taldeak egindako txosten baten arabera, milioi bat espezie galtzeko arriskuan daude munduan; hain zuzen ere, zortzitik bat. Espezieen desagertze prozesua, gainera, bizkortzen ari da, hainbat arrazoirengatik, baina betiere gizakiak eragindako prozesuen ondorioz: klima aldaketa, kutsadura, nekazaritza eta abeltzaintza intentsiboak eragindako natur ekosistemen desagerpena, naturaguneen gehiegizko ustiapena (arrantza baliabideak, esaterako).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.