Jaume Gelabert.
LARREPETIT

'Hasbara'

2019ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Israelgo estatuak hasbara ikastaroak ezarri dizkie atzerrian ikasi behar duten ikasleei. Doktrina horren bidez, gazte israeldarrek jakinen dute nola egin aurre beren gobernuaren jarduerak jasotzen dituen «funtsik gabeko» kritikei estatuaren mugetatik kanpo, muga horiek zein diren zehazten zaila bada ere—lurralde biblikoaren hedadura oso kontzeptu malgua da, gaur kanpo dagoena, esate baterako Sirian edo Libanon, bihar barne egon bailiteke—. Israelen bizi diren gazte arabiarrek —Israelgo palestinarrek, horrela definitzen baitute beren burua, egun biztanleriaren %21 inguru osatzen dute— atzerrian ikasi nahi izatera, ikastaro bera egin behar izaten dute, baita azken proba gainditu ere. Azterketa nolakoa den jakiteko, adibide bat: «Zertarako erabiltzen dituzte arabiarrek hedabideak?» galderari erantzun beharko diote azterketari arabiarrek. «Biolentzia bultzatzeko» dute aukera zuzen bakarra. Propaganda karteletan neska arabiarraren argazkia «Israelen bizi naizelako joaten ahal naiz eskolara» lemaren gainean. Gazako sarraskia gertatu berritan sortu zen proiektua egiteko ideia, munduari azaltzen saiatzeko «eskualdeko demokrazia bakarrak» altruismoz eta, besteak beste, neska arabiarren eskubideak defenditzeko ahaleginetan hil zituela 2.100 palestinar. Lan itzela. Nik, adibidez, ez dut oso ongi ulertzen nola errazten dien eskolarako bidea Hebrongo (Zisjordania) neskei Israelgo armadaren 2 edo 3 kontrolgune zeharkatu behar izateak —zeharkatzen uzten dietenean— ikastetxera iristeko; noski, hasbara ikastaroa egin ez izana da nire ezjakintasunaren iturria.

Mediterraneoko mutur honetan ere hasbara modukoak proposatu ohi dira, ikasle katalanek, euskaldunek eta oro har, espainiarrek, nazio bakarraren «benetako historiaren» jabe izanda, egungo mugak betidanik eta betiko izanen direla jakin dezaten. Eta «zertarako erabiltzen dituzten katalanek eta euskaldunek hedabideak?» galdetzen baldin badiete, erantzun zuzena aukera dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.