Ander Perez Argote
LARREPETIT

Radarra

2022ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Sindromeak izenik ote duen ez dakit, baina aspaldi da pairatzen dudala: hura eta bestea politikoki sailkatzeko tentazioa izaten dut sarri. Eta, ikusi dudanagatik, ez naiz bakarra, sumatzen da halakorik inguruotan ere.

Gutarrenekin ez darabilt, are gutxiago nabarmenki ez-gutarrekin, argazki ofizialetatik gustuko ez dituztenak ezabatzen dituzten horiekin. Tarteko espektro zabala du jomuga radarrak. Eta diagnostikoari kausa eranste aldera, izan liteke, inkontzienteki, gure lurraldeko balizko aldaketa soziologikoa kalibratzeko modu bat, neurtu nahi bat zenbat diren aldaketaren bandora gehitzeko pronto leudekeenak.

Nafarroaz ari naiz, bai, ia esklusiboki. Nonbait, A-15aren alde honetan izaten baita sindromea bortitzen; ez diot antzeman nire adinako harridurarik nire kide erkidegotarrari, Arrotxapeko kafetegiko zerbitzari argentinarra biokin euskaraz egiten saiatu denean.

Nafarroako azpiegitura handi bateko langile batengan ere piztu dut radarra, a priori ez-abertzalea bera, kirol ekitaldi baten harira aretoko eserlekuak Espainiako banderatxoekin bete dituztela kexaka entzun dudanean. Ez dakit gu poztearren esan ote duen, edo, besterik gabe, kezka gehiago duen aretoaren garbitasunarekin, bandera baten marra gorri-horidunekin baino. Baina izan liteke sentimendu politiko baten isla ere, zergatik ez. Sindromearentzako bazka, edonola.

Pizten zaizun gisan radarra ikusten duzunean lanagatik tratatzea tokatu zaizun enpresa publiko bateko arduraduna, aurreiritzien arabera norberarengandik urruti kokatua: tradizionalki alde batekoon habitat izan diren Hiri Buruzagiko kale bateko festa herrikoietan ari da dantzan.

Eta ez dakit sendagairik ere ba ote den, ala kronifikatzeko bidean den sindromea, lubakiaren alde bikoak banaka kontatzera kondenatutako lur puska honetan. Baina bada poz txiki batzuen iturri ere, ilusio baikorregi batzuena nahi bada, aldaketa horrentzako aleak gehitzen ari diren seinale ere izan litekeen heinean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.