Iran uranioa %20 aberasten hasi da, itun nuklearraren mugatik gora

Neurriak are gehiago korapilatuko ditu Teheranen eta Washingtonen arteko harremanak

Hassan Rohani Irango presidentea, Teherango Ali Akbar Salehila teknologia nuklearreko gunea bisitatzen, 2019ko uztailean. EFE.
Arantxa Elizegi Egilegor Gorka Berasategi Otamendi
2021eko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Iranek berriro gainditu ditu Vienako itun nuklearraren mugak. Orain, aurrekoetan baino nabarmenago. Uranioa %20 aberasteko prozesua hasi duela jakinarazi zuen atzo, eta hala baieztatu zuen IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak —NBEren erakunde ikuskatzaileak—. 2015eko akordioak %3,67an ezarri zion aberaste muga Irani, eta lehenago ere gainditu du langa hori, baina %4,5eko aberaste mailara heldu da gehienez, azken iragarpenean adierazi baino dezente apalago.

Teheranen azken urratsak are gehiago zailduko ditu Washingtonekiko harremanak. Gatazkatsuak ziren lehendik, eta tentsioa areagotuz joan da Donald Trump AEBetako jarduneko presidentearen agintaldiaren amaieran. Joe Biden presidente hautatua itun nuklearrera itzultzearen alde agertu da, baina ikusteko dago AEBek zer bide hartuko duten haren agintepean.

Hassan Rohani Irango presidenteak prozedurak hasteko agindua sinatu eta minutu gutxira hasi ziren, atzo, uranioa aberasten Fordowko lantegian, mendi baten lur azpian eraikitako gunean. Egun, uranioa aberasteko bi gune ditu Iranek; Fordown da bata, eta Natanzen bestea. Bigarren horretan, 5.060 zentrifugagailu jartzeko baimena ematen dio akordioak, betiere ahalmen gutxien dutenak izan behar dutela zehaztuta. Aldiz, Fordown ezingo luke uranioa aberastu hamabost urteko epean, ezta gunea ikerketa teknologikoa ez den beste helburu baterako erabili ere. Joan den abenduan jakin zen Iranek eraikitze lanak hasi zituela gunean, obren berri eman gabe.

Irani arma nuklearrak lortzeko aukera eragoztea da akordioaren helburuetako bat. Horiek ekoizteko, ezinbestekoa da uranioa %90 aberastea, eta maila horretatik urrun dago egun Teheran. Hala ere, Israelek arma nuklearrekin lotu du Iranen iragarpena, eta ohartarazi ez duela halakorik onartuko. «Uranioa gehiago aberasteak eta lurpean uranioa aberasteko ahalmena handitzeko erabakiak helburu bakarra du:arma militarrak ekoiztea», idatzi du Benjamin Netanyahu lehen ministroak Twitterren.

«Iranen mehatxuei» erantzuteko, AEBek Persiar golkoan utziko dute USS Nimitz gerraontzia. Abendu bukaeran itzuli behar zuen AEBetara, baina Washingtonek ez du eramango.Teheranek , berriz, inguru horretako egoerari «gertutik» erreparatzen ari zaiola ohartarazi dio Etxe Zuriari. «Mezu argiak eta gardenak bidali dizkiogu Washingtoni ohiko bideetatik, baita golkoko gainontzeko herrialdeei ere, inork okerrik egin ez dezan».

Europako Batasuneko diplomaziaburu Josep Borrellek ere kezka adierazi du. Haren esanetan, Iran «aldendu» egingo da itunetik, aberaste maila gaindituz gero, eta horrek «ondorio esanguratsuak» izan ditzake.

Ituna kolokan

Teheranek 2019an utzi zion Vienako itunaren parte batzuk betetzeari. Hilabete batzuk lehenago, 2018ko maiatzean, AEBek erabaki zuten akordioa uztea eta Irani zigor ekonomikoak berriz ezartzea. Geroztik, zalantzazkoa izan da itunaren etorkizuna. Baina, bereziki, Iranen kontrako bi erasok jarri zuten kolokan akordioa, iaz. 2020ko urtarrilean, AEBek Qassem Soleimani Irango Guardia Iraultzaileetako Quds Indarraren komandantea zena hil zuten, eta Teheranek adierazi zuen utzi egingo zuela ituna. Joan den azaroaren 27an, berriz, Mohsen Fakhrizade Irango zientzialari nuklearra hil zuten. Inork ez zuen bere gain hartu erasoa, baina Iranek Israel egin zuen berehala erantzule. Handik lau egunera, Irango Parlamentuak programa nuklearra garatzeko lege proposamena onartu zuen, eta lege horren ondorio da Teheranek atzo iragarritako neurria.

Igandean, Soleimaniren hilketaren urteurrenean, Israelen «amarruan» ez erortzea galdegin zion Mohammad Javad Zarif Irango Atzerri ministroak Trumpi. Haren esanetan, Israel gerra probokatu nahian ari da Iranen eta AEBen artean, Iraken AEBetako armadari erasoz. Washingtonek Iranen babespeko miliziei leporatu dizkie erasook, baina miliziek ez dute halakorik onartu. Israelgo Gobernuak baztertu egin ditu Iranen akusazio «zentzugabeak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.