Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Kolosala izanen da

2018ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Igande eguerdian, Altsasuko ferietan. Enegarren pintxoa ahora eraman aurretik edo ondoren, edo akaso bitartean, ez nago ziur, iragarri dit solaskideak: «Altsasun ez zegok atseden hartzerik, asteburu honetan feriak, eta gaur zortzi zirkua». Trapezistak, ekilibristak eta pailazoak etorriko ote diren galdegin diot nik, txistor olioa ezpainetatik garbitu bitartean. «Ez, gizon, Ciudadanos, PP eta Vox alderdiak heldu dituk, baita kazetariak, kamerak eta unitate mugikorrak ere». Albert Riveraren irudimenak sortutako performanceaz ari zen. Zirku erromatarraren lehoiena eta gladiatoreena antz handiagoa hartu diot jarduerari Cirque du Soleilena baino.

Zaila egiten zait guardia zibil baten larruan jartzea, ez baitut sekula logika militarra sobera ongi ulertu, baina jakin nahi nuke zer pentsatuko ote duen Nafarroako Guardia Zibilaren buru ohiak igandeko ekitaldiaz. Duela bi urte, gazte altsasuarren atxiloketaren harira, koronelak adierazi zuen ez zuela «inola ere» bat egiten hainbat hedabidek —zirku mediatikoak— Altsasuz zabaldutako irudiarekin, bere ustetan Sakanako herriaren egoera ez baitzen «bereziki zaila». Berdin pentsatuko ote du orain? Begi bistakoa da tabernako liskarrak ekarritako zigor bidegabeak —zirku judizialak— ez diola bizikidetzari ekarpenik egin, eta are argiagoa da eskuin muturreko hiru alderdien —zirku politikoaren— eta beren bozgorailuen bisitaren helburua ez dela bakegintza. Zein izanen da, orduan, igandeko ikuskizunaren etekina? Militarrena bezain txarki ulertzen dut alderdien logika, baina esanen nuke Nafarroatik kanpo joanen direla balizko irabaziak, estrategia horretan —Y. Barcinaren Basaburuko mitina eta pintada, kasu— trebatua den bertako eskuin muturreko alderdiak ez duela emanaldian parte hartuko ikusirik.

Txikitan beldur irrazionala nien pailazoei; oraindik ezinegona sortzen didate zirkuek, baina sinetsia nago arrazoizko oinarria duela oraingo sentsazioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.