Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Gerra sukarra

2019ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Berriz ere bonba jasa Gazaren gainean. Benetan ikusgarriak dira telebistan agertzen diren irudiak: zerua zeharkatzen dute su artifizialak bezalako lehergailu hegalariek, oraindik zutik dirauten eraikinen bila. Geroago, gaueko argi itsugarriak eta zarata burrunbatsuak egiaztatuko dute bonbek beren helburua bete dutela, eta ikuskizun zinez ederra eskainiko dute gora altxatzen diren ke zutabeek; Wagnerren Walkirien kabalkada soinu banda ezin hobea litzateke eszena borobiltzeko. Artelana. Homerikoa. Pantailara iltzatuta geratu denak ez du buruan apokalipsiaren ondorengo hirian inor bizi denik —eta hiltzen denik—, eta ahantzia du hainbat haur, emakume eta gizonen bizitzak betiko eten direla une horretan, eta milioi eta erdi biztanleko kontzentrazio esparruan gelditzen direnen muturreko bizi baldintzak oraindik ere okerragoak izanen direla hurrengo goizean. Baliteke, irudi ikaragarriek erakarria, ikusleren batek ordaindu nahi izatea armada israeldarraren emanaldia zuzenean gozatzeko.

Akaso gehiegizkoa da aurreko paragrafoan idatzitakoa —akaso ez—, eta agian oker naiz Euskal Herrian ez baitago gerra sukarrak joa dagoen inor, denok kontziente baikara eta badakigu zertan erabiltzen den armamentua eta zein den bere azken helburua; baina, hein batean, pentsatu nahi nuke aurreko egunean Juan Carlos I.a gerra-itsasontzia bisitatzeko eta miresteko ilaran esperatu zutenek ez zutela buruan segundo bakar bat ere izan zein den hegazkin-ontziaren eginkizuna eta bere jarduerak ekar ditzakeen ondorioak. Eta sinetsi nahi nuke Bardeako tiro-eremua egokia izan zitekeela turismoa erakartzeko ondorioztatu zutenek —horrela gertatu bazen, zaila egiten baitzait irudikatzea inor izan daitekeela horren astakiloa edo, okerrago, bihozgabea— ez dutela sekula Gazako edo beste gerra-eremuko «hurrengo eguneko»irudirik ikusi. Sinetsi nahinuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.