Garazi Arrula Ruiz.
LARREPETIT

Bulkadak

2019ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Maiatzean antolatuko dute Europako saskibaloi txapelketaren finala Gasteizen, eta lau milioi euro publiko jaso dituzte horretarako; halere, antolakuntzak jakinarazi du lanerako 170 «boluntario» behar dituztela. Abuztuan, berriz, munduko zazpi potentzia ekonomiko nagusiak Miarritzen batzartuko dira, politikaren pribatizazioan, baliabide naturalen ustiaketa basatian eta kulturaren komertzializazioan urratsak adosteko. Irailean, euskal preso politikoen aldeko lana epaitzen hasiko dira; 47 herritarrentzat, guztira, 601 urte eskatu ditu fiskalak eta hamar milaka euro.

Gertu diren hiru fronte dira; bulkadaz erantzuteko moduko beste hiru adibide jar genitzake asko pentsatu beharrik gabe. Hezkuntza, feminismoa, nazioartea. Horietan guztietan arituko gara gaurtik hasita milaka lagun Lemoan, (Jarraikoak ere gaztetzat hartzen dituen) Gazte Topagunean.

Gazte antolakundeen 40. urteurrena dela-eta argitaratu berri den liburu kolektiboan, Olatz Carrok dio espetxean egin zutela emakumezko militante gazteek antolakundearen eta horren funtzionatzeko moduen gogoeta feminista, batak besteari nola sentitua zen kontatzen hasi eta berrikuspen integral bat egitean. Modu berean, nago belaunaldi edo eremu diferentetako kideak elkarrekin hizketan jarri eta ezuste berberak hartuko gintuzkeela egun: nola ez ginen honetaz ohartu, nola ez genion beste honi izaera kolektiboa eman. Ikasteko balio behar baitu atzera begiratzeak; egin direlako lehenago ere Goi Bilkurak Miarritzen (norbaitek gogoan izanen du 2000ko urria), egon direlako makro-epaiketak eta horiei erantzun askotarikoak, hamaika izan direlako prekaritatea baliatu duten egiturazko bortxak. Zeren, tamalez, bulkada berriekin amestu arren, zaharrak gainetik ezin kendu nahi gaituzte.

Nor bere bulkadak akuilatuta heldu zion bere garaiko gazte antolakundeari, eta eskola izan zela ezin uka. Hori ospatu beharra dago, etorriko baitira berriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.