Jaume Gelabert.
LARREPETIT

PSOE beti PSOE

2022ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Ostiralean, Twitterren, PSOE beti PSOE izaten dela irakurri nion Iban Zalduari. Zenbait arrazoi tartean, azkenaldian gaurkotasun-albisteetatik urrun samar bizi izan naiz —«ohi bezala, bestalde» esanen dute zutabea irakurtzen dutenek; irakurlerik balego, noski—, eta horregatik hasiera batean ez nintzen esaldiaren testuinguru zehatza asmatzeko gai izan. Hemerotekari ekin nion erantzun bila, eta aitortuko dut ez dakidala oraindik zer zuen buruan Zalduak teklak sakatu bitartean.

Argitu behar da mezuaren sorburua bereizteko zailtasuna ez datorrela oinarri faltatik, baieztapena defenditzeko argudio posibleen gaindositik baizik. Esate baterako, lehengo astean, PSOEk deuseztatu zuen Zigor Kodearen aldatzeko saiakera; hau da, frankismoaren krimenak epaitzea bideratuko zuen tresna. PSOE beti PSOE izaten da, baita bide bazterretan jarraitzen duten alderdiko militanteez ahazten denean ere.

Beste kausa posible bat: bere izaerari men eginda, PSOEk energia-enpresen aginduak otzan-otzan onartzen ditu, etxe askotan faktura ordaintzeko gorriak eta beltzak ikusten dituztela jakinda ere. Edo, boteprontoan bururatzen zait alderdi ustez ezkertiarraren DNAren beste adierazle bat izan litekeela sahararrak babesgabe uzteko egin duen jokaldi zikina. Ez gaitezen harritu, ezen garai bateko NATO, lehenik eta behin, ez leloaren sortzailea baita egungo erakunde militarraren aliatu sutsua.

PSOE PSOE da eta PSN ere bada PSOE. Foru erkidegoko sozialistek ziztu bizian bere egin dute Madrildik jasotako Mendebaldeko Sahararen gaineko irizpidea —irizpide aldaketa, alegia—, eta Nafarroako Parlamentuan herri sahararraren aldeko adierazpena eragotzi. PSOE ez litzateke PSOE izanen frankiziei aginduko ez balie zer printzipio aldaezin aldatu behar diren, eta PSNk PSOE izateari utziko lioke noizbait erakutsiko balu printzipio sendorik baduela.

Uste dut hasia naizela txioa ulertzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.