Ander Perez Argote
LARREPETIT

'Kaput'

2022ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Emmanuel Macronek iragarritako oparotasunaren amaieraz akordatu naiz furgonetako motorrak kaput egin didanean. Errazegia litzateke paralelismo onomatopeikoa egitea, parekatzea motorraren clash-a eta sistemarena. Baina ez, gehiago izan du loturak gogoeta praktikotik, ia existentzialetik, saihetsezina bestalde begi parean hainbat zeroko aurrekontua jartzen dizutenean: Behar al dut autorik? Are, behar al dut furgonetarik? Erantzun bila, ingurukoek kotxearekiko dituzten jokabideak behatzeko zundaketa azkar bat egin dut, eta pentsamendu berean nahastu zaizkit autoari azken zaldia ere kontatzen diotenak (gutxienak, dena esanda), lanerako ezinbesteko dutenak, erabilera aisialdira mugatzen duten 'furgonetero' fededunak, garraio publikoaren apologeta konbentzituak, eta oro har kotxerik gabe bizitzeko gai direnak, noizean behineko lagun gidari batzuk tarteko.Badira ere, karneta atera eta hamabost urtera, autoeskolan berriz apuntatzear daudenak, gidatu zuten azken aldiaz akordatzen ez direlako.

Adibide asko, azken batean, ondorio garbi gutxirako, edo, bestela esanda, banakako irtenbide asko, gehiegitxo, auziei ertz kolektiboa begiratze zale den batentzat. Azkenean, nahiko ez zenukeen konklusio zaharmindu samar batera zaramatza auziak: egin dezala bakoitzak nahi duena bere diruarekin, hots, bere oparotasunarekin. Norbere ziurtasunak, norbere kontraesanak.

Baina gauza da 55 segundoero auto bat fabrikatzen duen hiritik ari naizela idazten. Artikulu hau irakurtzen bukatzerako, bizpahiru Volkswagen izango dira muntaketa katetik kanpo; eguna akitzerako, 600dik gora. Bihar beste horrenbeste. 200.000 baino gehiago, urtea amaitzen denean.

Ekoizpen kate hori zalantzan jartzea kosta egiten den hiritik ari naiz idazten. Lanaren defentsa eta produkzio ereduaren kritika balantzan orekatzea zail den tokitik. Baina agian bada garaia gaiari buelta bat emateko. Eta ez, preseski, Macronek dioelako. Bitartean, banoa furgoneta konpontzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.