Pentsioak %0,9 igotzeko asmoa agertu du Madrilek

Aurrekontuen negoziazioan adostu beharko du hori. Erretiro aurreratuak gehiago zigortzeko proposamena salatu dute sindikatuek

Pentsiodunen mugimenduaren protesta bat, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Iker Aranburu - Jokin Sagarzazu
2020ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Estutasunak gorabehera, Espainiako Gobernuak ez du pentsioak izozteko asmorik. Europako Batzordera bidaliko duen aurrekontu planean aipatu du 2021ean %0,9 igoko dituela pentsio publikoak. BPGaren deflatorearen ehuneko bera da hori, hau da, espero duen inflazioaren adinakoa. 2020ean ere %0,9 handitu zituen pentsioak Pedro Sanchezen gobernuak, eta, horri esker, erosteko ahalmena handitu zaie aurten Hego Euskal Herriko pentsiodunei. Izan ere, koronabirusaren krisiak eraginda, prezioek beheranzko bidea hartu dute azken hilabeteetan, eta urtea maila negatiboan bukatzeko aukera handia dago. Irailera arte, urte arteko inflazioa -%0,3 da Hegoaldean.

Bruselari kopuru bat aipatzeak ez du derrigorrez esan nahi hori izango denik azkenean aplikatuko dena, Espainiako Gobernuan dauden bi talde politikoek,PSOEk eta Unidas Podemosek, ez dutelako gehiengorik Espainiako Gorteetan, eta talde txikiagoen babesa beharko dutelako aurrekontu proiektua onartzeko. Baina kopuru horrek erakusten du Madrilek ez duela pentsioak eguneratzeko egungo legeak dioena zorrotz betetzeko asmorik. Izan ere, PP agintean zegoen garaian indarrean jarritako lege horrek dio pentsioak %0,25 handitu behar direla Gizarte Segurantzak defizita badu. Defizit hori handitu egingo da aurten, langabeziaren hazkundea kotizazioetan bildutakoa murrizten ari delako.

Eguneratzeko indizea oraindik indarrean dago, baina 2017tik ez da bete; eta pentsioen erreforma aztertzen ari den diputatuen taldean, Toledoko Itunean, indizea bertan behera uzteko adostasuna dago, eta KPIari lotutako indize berri bat ezartzeko.

Hain zuzen ere, pentsio sistemaren erreforma lantzen ari den Espainiako Kongresuko lantaldeak aurki amaituko ditu bere egitekoak, eta bere gomendioak Pedro Sanchezen gobernuari igorriko dizkio. Era berean, aste honetan bertan, exekutiboak bilerak hasi ditu Espainiako sindikatu eta patronal nagusiekin (CCOO, UGT eta CEOE), erreformari heltzeko. Pentsioak eguneratzeko indize berria zehazteaz gain, erretiro adina atzeratzeko pizgarriak, eta aurreratuentzako zigorrak jarri ditu gobernuak mahai gainean, sindikatuek jakinarazi dutenez.

2011ko erreformaren arabera, erretirorako legezko adina 65 urtetik 67ra igoko da 2027an, eta bere asmoa da benetako adina legezkora ahalik eta gehien hurbiltzea. UGTk salatu duenez, horretarako beste %8ko murrizketarekin zigortu nahi ditu erretiro aurreratuak. Atzo kaleratutako ohar batean, sindikatuak gogorarazi zuen pentsiodun askok jada %40rainoko beherapena jasaten ari direla horregatik, eta salatu dukopuru hori are gehiago handitzea «astakeria» bat litzatekeela. UGTk nabarmendu du egoera horretan daudenen %80k enpresek behartuta hartu duela erretiroa, eta ohartarazi du kolektibo hori nabarmen haziko dela datozen urteetan: langabezian daudenen 55 urtetik gorakoen kopurua 2007an zeudenen halako hiru direla azpimarratu du.

Langile publikoak

Langile publikoen soldatari dagokionez, berriz, ikusteko dago zer erabakiko duen Espainiako Gobernuak. Soldata horiek izozteko aukera zegoela aipatu zuten gobernutik gertuko hainbat iturrik, baina neurri horren defendatzaileetako batek, Nadia Calviño Ekonomia ministroak, azken asteetan iradoki du inflazioa adina igotzeko asmoa dutela, erosteko ahalmena gal ez dezaten. Aurten %2 handitu dira soldata publikoak, eta %2,5, berriz, 2019. urtean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.