Garazi Arrula Ruiz.
LARREPETIT

Eder artean bizi

2019ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Hamazazpi urtez Rekalde taberna gidatu eta gero, marko berdeko pertsianak itxi eta Alde Zaharretik joan da Agus Rodriguez. Gros auzoan beste proiektu bati helduko badio ere, itxieraren arrazoia egun sustatzen den hiri ereduari egotzi dio. Gros ez da periferia, eta biztanleko batez besteko errenta antzekoa da auzo batean zein bestean (Aitziber Arzallusen erreportajeari esker dakigu hori: Gipuzkoako Hitza, 2018-12-14). Halere, inbertsio talde handiei egin zaie tokia Alde Zaharrean, eta ito egin dute Rekalde, nola itotzen ari diren taberna horrek irudikatzen duen guzia.

Beste inbestitzaile talde bat da Alaba Belasko jauregiaren jabea; udalaren gisan, jabe ezezagunek etxea ahazturik zuten feministek erabilera eman nahi izan dioten arte. Gasteizen, abandonaturiko eraikin historikoak bezain ikusgarria da urteotan hiriak zenbat kosk egin dion inguruko lurrari, ez baitator bat biztanle kopuruaren gorakadarekin. Lapurdi mendebalde osoan ere, itsas hegian eta barrualderagoko herrietan zementua tonaka da isurtzen, lurra etxez estaltzen. IƱaki Etxelekuk dioenez (Ipar Euskal Herriko Hitza, 2018-XII-12), Lurren Tokiko Erakunde Publikoko teknikariek berek ez dute aski datu esateko zehazki zeri erantzuten dion etxegintza masiboak, ezta, kasurako, zer eros-ahalen araberakoa den ere.

Hirien erradiografia egiteko, eztabaida publikora eraman beharko lirateke auzoak nola egin irisgarri, sozial eta jasangarri. Eta paisaiaren partetzat hartu beharko lirateke urtea protesta artean hasi duten Gipuzkoako erresidentzietako langileak, Bizkaiko etxeko laguntzaileak, Miarritzen eta Baionan bildutako Jaka Horiak eta Azkoiengo laborariak. Noriak eta jaiotzak baino distira gutxiago eginagatik ere. Noriei eta jaiotzei ere distira eginarazten dietelako.

Gure hiriak, munduko ederren ezpada, ahalik eta tokirik bizigarrienak izan daitezen, edo bizigarrien direlako izan daitezen Munduko tokirik ederrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.