Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Laranja mekanikoa

2019ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Laranja mekanikoa liburuaren pasarte batekin oroitu naiz Santi lankide eta lagunak Ana Beltranen adierazpenen bideoa bidali didanean. Laguntza eskean aritu natzaio, inspirazioa erabat galdua zutabea idazteko ideiaren baten premia baitut. «Kontxo, Santi, atzera ere Beltran! Fan taldea sortuko ote dugu?» pentsatu dut. Nolanahi ere, asteak emandako berriek ez naute betetzen; alegia, ez dakit zer kontatu ekoizle txinatarrek Nafarroan filmatu dituzten eszena sanfermineroen arrakasta ekonomikoaz, berdin dit zer etekin ekarriko dituen kapitalista txinatarrek enpresa nafar bat erosteak —«Kasu, baskoak datozela eta!» alarma oihutik «Adi, diru txinatarra iritsi baita!» plazerezko garrasirako trantsizioa aurreikusten diet batzuei, eta Geroa Baik PSNri Alde ilunetik Alde argira pasatzeko berriz egin dion zientzia fikziozko eskaintzari graziarik gabeko txistearen antza besterik ez diot hartu. Hortaz, Beltran da bide bakarra.

Bideoa ez da aste honetakoa. Grabazioan parlamentuko eserlekua galtzear zegoen PPko legebiltzarkideak azaldu du Altsasuko taberna batean girotutako zientzia fikziozko istorio bat. Laburpena: UPNri esker parlamentari akreditazioa mantenduko duen andereak «7 edo 8 minutuz» ikusi omen du arriskuan bere bizitza patata-tortilla pintxoen ondoan, tabernako jabeei baimenik eskatu gabe Casado «presidentearekin» elkarrizketa grabatzen ari zela. Beldurra libre bide da. Onik iritsi da etxera Nafarroako Gobernuan aritzeko aukera izanen duen Navarra Sumako kidea, ez baita inolako istilurik sortu Sakanan; hala ere, salaketa publiko larriak egin ditu tabernako jabearen aurka. Ondorioa: nafar guzioi zor handia digun upeltegiaren jabeen senidea ona da; gainerakook ornitorrinkoaren tamainako piztiak. Laranja mekanikoarena? Esaldi honengatik: «Sasikumeok, zuek oro baldin bazarete Ongiaren alde daudenak, orduan pozten naiz beste dendako bezero izateaz». Igandean, Altsasun, denda aukeratzeko beste parada bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.