maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Erritualak

2019ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Epe laburrean hurbilean egokitu zaizkit hileta bat eta ezkontza bat. Julio Soto Nafarroako bertsolari txapeldunak bere azken finaleko agurrean erran bezala, bere min eta bere poz, horrelakoxea baita bizitzea. Batzuetan norbait sortzea dakarrena, bertzeetan norbait hiltzea. Eta guziari ahal bezala aurre egin behar: ederra eta konplikatua aldi berean.

Ez hotz eta ez dramatiko jarri gabe, zer pentsatua eman dit bataren zein bertzearen zeremonietan erreparatzeak. Bataren zein bertzearen ezaugarriak norbere buruarentzat beharbada nahi ez izanagatik, ekitaldien garrantziak harrapatu bainau bi kasuetan.

Erritualak beharrezkoak baititu gizakiak. Eta ez baitira, hitzak gehienei oihartzun hori ekartzen dien arren, bertze garai eta herrialde batzuetako kontuak. Erritual batzuek ematen digute aukera bizitzako egoera batetik bertzera pasatzeko, eta igarobide hori gozoago, eramanerrazago, kontzienteago egiteko. Bertze batzuek, berriz, balio dute familiak, herriak, komunitateak elkartzeko.

Era berean gizarteko arauak erreproduzitu eta indartzen dituzte erritualek, ordea. Nabarmena da, erraterako, horietako anitzetan Elizak, genero sistemak, espainiar zein frantses kulturak, kapitalismoak edota heteroarauak duten presentzia. Eta, urrunegi joan gabe, hortxe ditugu gure herrietako bestak, santuz, mezaz eta dantza zein ospakizun sexu-baztertzailez hornituak. Baditugu apika bertze batzuk gureagoak, herritik sortuak edo iraunarazi eta gure balioetara eraldatuak: direla zenbait lekutako inauteriak, herri bazkariak edota askotariko ekitaldi politikoak.

Nago, ordea, batzuetan ez ote garen gelditzen hankamotz edo esku hutsik, ustekabean gertakizun bat jazo, eta hari kolektiboki nola aurre egin ez dakigunean. Uste baitut gehienetan argi dugula zer ez dugun nahi, baina ez dugula tarterik hartzen zer eta nolakoak nahi ditugun erabakitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.