Amnistia fiskalak debekatzeko egitasmoa onartu du Madrilek

jokin sagarzazu
2020ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseiluak oniritzia eman zion atzo iruzurraren aurkako lege berriari, zeinak, besteak beste, amnistia fiskalak debekatuko dituen. Aurreko legegintzaldian adostu zuten neurria, baina ez zuten aurrera atera, Pedro Sanchezen gobernuak hauteskundeetara deitu zuelako; orain, Gorteetako bidea egin beharko du, behin betiko onartu aurretik. 2012koa izan zen azken zerga amnistia, Cristobal Montoro Ogasun ministroa zela, baina Hego Euskal Herrian ez zen ezarri, ogasun kontuetan eskumenak dituztelako foru ogasunek.

Halaber, Espainiako Gobernuak proposatu du enpresen artean eskudirutan ordaintzeko muga 2.500 eurotik 1.000 eurora pasatzea. Partikularren kasuan, berdin mantenduko du, 2.500 eurotan, baina salbuespen batekin: egoitza fiskala atzerrian dutenei 15.000 eurotik 10.000ra murriztuko diete.

Ogasunarekin zorretan daudenen kasuan, ministerioak urtero argitaratzen duen zerrenda publikoan agertzeko gutxieneko kopurua jaitsiko du, milioi bat eurotik 600.000 eurora. Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak milioi bateko muga dute, eta Nafarroak, berriz, 250.000 eurokoa.

Egitasmoak baditu beste bi berritasun: erabilera bikoitzeko softwarea debekatuko du enpresa batzuek beren jardueraren zati bat ez ezkutatzeko, eta kriptodibisen kontrol handiagoa ere ezarriko du, diru birtualekin egindako eragiketei buruzko informazioarekiko betebehar berriak ezarrita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.